argia.eus
INPRIMATU
“Udalak nirekin euskaraz” kanpaina abiatu dute Iruñean, hizkuntza eskubideen urraketak identifikatu eta salatzeko
  • Iruñeko euskalgintzako kolektiboek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jarri dute martxan "Udalak nirekin euskaraz" kanpaina, Iruñeko Udalaren hizkuntza eskubideen urraketak azaleratzeko helburuz. Horretarako, herritarrei eskatu diete partekatu ditzatela azken urtean izandako bizipenak, izan udalarekin euskaraz komunikatu ezin ahal izatea edota aisialdi eta kultur jarduerak gaztelera hutsean izatea, adibide gisa. Urtarrilaren 31ra arte jasoko dira ekarpenak.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 22a
"Udala nirekin euskaraz" kanpaina aurkeztu dute Iruñeko euskalgintzako ordezkariek LABAn. /Argazkia: Hizkuntz Eskubideen Behatokia

“Udalak nirekin euskaraz” kanpaina aurkeztu dute Iruñean, herritarrek udalaren aldetik pairatutako hizkuntza eskubide urraketak partekatu ditzaten. Iruñeko euskalgintzako kolektiboek  (AEK, AET, ELA, Haur Eskoletako Gurasoak, IKA, LAB, Sortzen, STEILAS, Zaldiko Maldiko) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak antolatu dute, udalaren erantzukizuna dela uste baitute egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko baldintzak bermatzea.

Euskararen aldeko jarrerarik ez, eta udalak "euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko gutxiespena" eregiten duela salatu dute. Adibideak eman dituzte: hasteko, hiriko euskararen ordenantzan, euskara ez da gaztelaniaren pare jartzen. Zerbitzuak ere ez dira berdintasunean bermatzen, euskarazko berri gutxiago zabaltzen direlarik, eta berdin aisia eta kultur eskaintzetan non euskaraz egiteko ia aukerarik ez dagoen, edota udalaren ekitaldi publikoetan euskarak ia presentziarik ez duen. 

Hala, herritarrei ondorengo ariketa proposatu diete: Iruñeko Udalaren aldetik azken urtean jaso dituzten hizkuntza eskubideen urraketen berri ematea, euskalgintzak eta Behatokiak txosten batean jaso ditzaten, eta udaleko arduradunei aurkeztu diezaioten, baita Euskal Herriko irakurketan txertatu ere. 

Zeintzuk dira hizkuntza eskubideen urraketak? Ariketaren koordinatzaileek adibideak eman dizkiete herritarrei: udaleko telefono batera deitu eta euskaraz artatua ezin izatea; udalaren jakinarazpen edo gutuna gaztelania hutsean jasotzea; udalaren iragarki gehienak gazteleraz izatea; edota aisialdirako jarduerak euskaraz egin ahal izateko zailtasunak aurkitzea.

Kasu bakoitzaren ahalik eta datu zehatzenak emateko eskatu dute: data, ze sailetik datorren, eta posible izatekotan, dokumentuak eta argazkiak ere bidaltzea. Urtarrilaren 31ra arte jasoko dituzte ekarpenak.

Honako bideak zabaldu dituzte “Udalak nirekin euskaraz” ariketarako:

  • Emailez: telefonoa@behatokia.eus helbidera helaraztea.
  • Whatsapp-ez: 623 363 811 zenbakira.
  • 948 14 61 72 telefonora deituz.
  • Sare sozialetatik ere jasoko ditugu, Twiterren  @IruñekoEuskalg etiketatuaz edo #UdalakNirekinEuskaraz traola aipatuaz

Herritarrak animatu dituzte administrazio publikoekin ere euskara erabiltzera eta ahaldundu daitezen pairatu dituzten eskubide urraketak salatzeko.