Parte Zaharreko hamabost eragiletako kideek agerraldi bat egin zuten larunbatean, Konstituzio plazan, Kijera gaztetxearen egoeraren berri emateko. Hor salatu zutenaren arabera, udalak auzoko lan mahaiari emandako hitza apurtu eta Kaialde eraikina itxi du, azken hilabeteetan zesio-akordio bat sinatzeko lortu zen adostasuna “zapuztuz”.
Egoera hau abendutik hona emandako hainbat gertakariren emaitza da. Urte amaieran, auzotarren batzarraren ordezkariek bilera bat eskatu zioten Udal Gobernuari, Kijera gaztetxean sortu zen arazo baten berri eman eta denen artean irtenbide egoki bat topatzeko asmoarekin. Bilera abenduaren 23an egin zuten, eta, auzotarren arabera, arazoaren ebazpena udalaren esku uztea erabaki zuten bi alderdiek.
Horregatik, Parte Zaharreko eragileek gaztetxeko giltza utzi zioten udalari, eta honek, behin arazoa konponduta, giltza bueltatzeko konpromisoa hartu zuela esan dute auzotarrek: “Gaztetxeko kideak haien ohiko dinamikei berrekin ahal izango zietela eta Kaialde eraikinaren zesioa aztertzeko prozesuarekin aurrera jarraituko genuela ziurtatu ziguten”.
Geroztik, ordea, gauzak ez dira hitz egindakoaren modura gertatu. Izan ere, urtarrilaren 14an eginiko bigarren bilera batean, udalaren jarrera erabat aldatu zela azaldu dute auzotarrek. Eraikinak egitura arazo larriak dituela argudiatuz, Udal Gobernuak Kaialderen zesioa bertan behera uztea erabaki du, eta Kijera gaztetxeko kideei bertan jarraitzeko aukera ukatu die.
“Udalak ez du bere hitza bete”
Parte Zaharreko eragileen arabera, udalaren erabakiak gaztetxearen proiektuaren inguruan “piztutako espektatibak zapuztu egin ditu”, eta lankidetzaren bidez abiatutako bidea “pikutara” bidali duela uste dute. Gainera, nabarmendu dute udalak ez duela bere hitza bete, ez giltzak giltzen kontuarekin, ez otsailean egin behar zuten hirugarren bilera batekin.
Izan ere, eraikinaren itxiera ustez justifikatzen duen txosten teknikoa pasa den hilabete honetan aurkeztuko behar zien udalak auzotarrei, baina hauek zehaztu dute bilera hori ez dela egin, eta txosten hori ez dutela ikusi: “Sinetsi behar al diegu?”.
Zesio-akordioa sinatzea nahi dute
Parte Zaharrak dituen ekipamendu “gabezia kronikoak” nabarmenduz, Kijera gaztetxeak “bere neurrian” bizilagunen premiei erantzuten ziela adierazi dute auzotarrek, eta, horregatik, zesio-akordioaren aukera mahai gainera ekarri dute berriro ere: “Dei egiten diogu Udal Gobernuari okertutako bidea zuzendu dezan”.
Horretarako, abenduaren 23ko bileran hitzartutakoa betetzea, Kijera berriz irekitzeko aukera ematea eta “adostear” zeuden zesio-akordioa “lehenbailehen” sinatzea eskatu diote udalari.
Jarraian, eskari hori egin duten auzoko eragileen zerrenda: Karmengo Jaien Batzordea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Guardetxea, Herria Elkartea, Kresala Kultur Elkartea, Orixe Ikastolako guraso elkartea, Haurguneko gurasoak, Kijera gaztetxea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Kale Lagunak kirol taldea, Hotel + Ez, Haraino aisialdi taldea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kai Harripe elkartea eta Euskal Jaien Batzordea.