Istilu larrien ondoren Bartzelonako Udalak Can Vies zentro sozial autogestionatuari eman zion su-etena bukatu da. Joan den astean Xavier Trias hiriko alkatea negoziatzeko prest agertu zen, baina elkarrizketak etengo dituztela iragarri dute asteburuan.
Larunbatean, Udalarekin hasi beharreko solasaldiei itxaron gabe, ehunka lagun bildu ziren Sants auzoan Can Vies berreraikitzen hasteko. Hurrengo egunean lan horiek bertan behera uztea erabaki dute, arkitektoek eraikinaren egoeraren diagnostiko bat egin arte.
Zentro sozialeko kideek “probokazio” gisa hartu dute Udalak igandean eman zuen prentsaurrekoa. Joaquin Forn Bartzelonako alkateordeak larunbat gaueko istiluen ondorioz izandako kalte materialak gogoratu zituen (200.000 euro, Udalaren esanetan) eta La Vanguardiaren arabera, Can Viesekin elkarrizketa amaitu dela iragarri du, edifizio horretan euren jarduerak antolatzen zituzten pertsonak “biolento” gisa deskribatzearekin batera.
Mossoen sagu-tranpa
Elkarrizketarekin ala gabe, azken astean aldatu ez dena Kataluniako polizia autonomikoaren jarrera da. 40 furgoi baino gehiago eta 300 bat agente erabiliz, Esquadra Mossoek operazio deigarria egin zuten larunbat gauean: zentro soziala ixtearen kontrako manifestazioan parte hartu zuten 200 bat lagun inguratu zituzten kalean bertan, Gran Via eta Rocafort artean, eta hiru orduz eduki zituzten setiatuta.
Prentsari operazioaren irudiak hartzea debekatu nahi izan zioten baina berehala hasi ziren irudiak sare sozialean barrena ibiltzen. Zirkulu barruan harrapatu zituzten manifestariei argazkiak atera zizkieten, baita aurpegia estaltzen zieten txanoak jartzera derrigortu ere. La Directan irakurtzen denez, agindu judizialik gabe egin zuten setiatzea.
Manifestazioak, geroz eta jendetsuagoak
Igandean 20.000 lagun atera ziren kalera Can Viesen alde. Azken astean zentro sozialaren inguruan sortu den dinamikak mezu zabalagoei bidea ireki die eta igandeko manifestazioaren pankartan islatu zen hori: “Defensem els barris” (auzoak defenda ditzagun) irakur zitekeen martxaren buruan.
Zentro sozial zehatz batetik harago, Bartzelonako auzoetan alternatibak antolatzeko aldarriarentzat erresonantzia-kutxa bihurtzen ari da Can Viesen inguruko mugimendua.