argia.eus
INPRIMATU
Errekaleorreko kaleko argiteria berrezarri behar dela dio Gasteizko udalbatzaren Idazkaritzak
  • Gasteizko Udalak Errekaleorren argiteriaren inguruan Udalbaltzaren idazkariak ebatzitako gomendioa aintzat hartuko duela esan du, "beti Industria sailaren segurtasun errekerimenduak errespetatuz".

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko ekainaren 01a

Errekaleor kalean argiteria moztea legez kanpo dagoela ondorioztatu du Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrak, EH Bildu udal taldeak eskatuta, argitaratu duen txostenean."Indarreko legearen arabera, Udalak Errekaleor kalean eta bertan kokatuta dauden eraikinetan, non erroldatutako pertsonak bizi diren, argia ematera behartuta al dago?", galdetu dio alderdi abertzaileak Idazkaritzari.

Galdera horri erantzuteko egin duen txostenak dio Errekaleor kalea hiri-lurzoru bezala sailkatuta dagoela, eta Errolda Zerbitzuak bertan erroldatutako pertsonak daudela baieztatu du. Era berean, Idazkaritzak 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena, aipatu du. Arau honek dio udalerriek zerbitzu minimo zehaz batzuk eskaini behar dituztela, horien artean, kaleko argiteria. Gainera, lege honek, 18.1, g) artikuluan, bizilagunei zerbitzu hau eskatzeko eskubidea ematen die, eta udalerriko bizilagunak dira bertan erroldatuta daudenak, hain zuzen ere.

Hala, Gasteizko Udalak Errekaleor kalean argiztapena emateko beharra duela ondorioztatu du txosten honek. 

Udalak dio "aintzat" hartuko duela

Gasteizko Udalak Errekaleorren argiteriaren inguruan Udalbaltzaren idazkariak ebatzitako gomendioa aintzat hartuko duela adierazi du, arratsaldean bidali duen oharrean, "beti Industria sailaren segurtasun errekerimenduak errespetatuz. Horien ondorioz Iberdrolak auzoko energia elektrikoa moztu zuen segurtasun irizpideak kontutan hartuta, baita Udalaren txosten teknikoak ere".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra