argia.eus
INPRIMATU
“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”
  • Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan. Osasun txartela, gizarte prestazioak, eskolatzea... oinarrizko hainbat eskubide eskuratzeko ezinbesteko den dokumentua etxejabeen borondatearen eta diruaren menpe uzten du udalak horrela, neurri handi batean. Ilargi Bengoetxea Gartziarekin hitz egin du ARGIAk Auzoan Bizi etxebizitza sareko eta Erroldarik gabe izaterik ez ekimeneko kidea.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko otsailaren 10
Udalaren bi barne dokumentu eman ditu ezagutzera Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak (irudian, bakoitzaren lehen orria): Udalaren Aholkularitza Juridikoaren 2019ko ekainaren 21eko txostena, eta Udal errolda. Lan prozedura Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan txostena, 2024koa. Ekimenak saltu du herritarrak erroldatzeko irizpide "bidegabeak eta legez kanpokoak" jasotzen direla bertan.

Urtarrilaren amaieran argitara emandako bi barne dokumentuetako bat Udalaren Aholkularitza Juridikoaren 2019ko ekainaren 21eko txostena da. Txostenak dio ez dela herritarrik erroldatuko udalaren jabego diren eraikinetan horretarako baimen espliziturik ezean, nahiz eta herritarra egiazki bertan bizi. Arabako Probintzia Auzitegiaren sententzia penal baten interpretazioa egiten du aholkularitzak horretarako. Epai hartan epaileak familia bat errugabe jo zuen okupazio akusazio baten aurrean. “Ironikoki, epaile aurrerakoi baten ebazpena baliatu du udalak, interpretazio murriztailea egin eta errolda eskubidearen aurka egiteko”, dio Bengoetxeak. “Sententziak ez du horrelakorik esaten, inolaz ere ez”, salatu zuen Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak. Are gehiago, aholkularitzaren posizioa legearen aurkakoa dela ziurtatu zuen.

Udal errolda. Lan prozedura Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan du izena ezagutzera eman zuten udalaren bigarren barne dokumentuak, 2024koa. Erroldatzea Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan egiten da Gasteizen, eta bertako langileentzako jarraibideak ematen ditu 129 orritako txostenak. Besteren artean, zehazten du jabea ez den herritar bat ezin dela etxe batean erroldatu etxejabearen baimen espliziturik gabe, edo indarrean urtebete baino gutxiago daraman alokairu kontraturik ezean; etxe bakoitzeko gehienez ere zazpi erroldako muga ezartzen du –etxe askotan gelakako alokairua dela eta bizi diren pertsonak gehiago badira ere–; edo infraetxeetan erroldatzea debekatzen du. Irizpide horiek ere legez kanpokoak direla zaldu du Bengoetxeak.

Udalaren bi barne dokumentuek frogatzen dute legez kanpoko araudia ezarri duela herritarrak erroldatzeko, ekimenaren esanetan

Legezkoa eta bidezkoa

Zer dio legeak? 7/1985 Legeak arautzen du errolda Espainiako Estatuan. “Administrazioak herritarrak ‘bizi diren tokian’ erroldatzeko ‘beharra’ duela dio legeak”, azaldu du Bengoetxeak. EAEko Auzitegi Gorenaren epai batek berretsi du, 2024an, erroldak “benetako bizilekua islatu" behar duela. INE Espainiako Estatistika Institutuaren jarraibide “lotesleak” ere aipatu ditu: “INEk zehazten du berdin duela zein baldintzetan dagoen bizitokia edo bertan bizi direnak baimena duten edo ez bertan egoteko”.

Legezkotasunetik harago, errolda horrela ukatzea bidegabea dela azpimarratu du Bengoetxeak, eta oinarrizko eskubideak urratzen dituela, hain zuzen ere errolda “sarbidea delako oinarrizko eskubideentzat”. Errolda ezinbestekoa da haurrak eskolatzeko, osasun txartela eskuratzeko edo Lanbiden eta Etxebiden izena emateko. Eta antzinatasuna markatzen du ere: hiru hilabetez egon behar duzu erroldatuta osasun txartela eskuratzeko, sei hilabetez Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzeko eskubidea izateko, hiru urtez Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kasuan...

Merkantilizatu eta politizatu

Errolda “politizatzea eta merkantilizatzea” leporatu dio Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalari. Merkantilizatu, besteak beste, etxejabeei ematen dien botereagatik. Jabe askok uko egiten diote maizterrei kontratua egiteari, beste askok egiatan bertan bizi ez diren herritarrak erroldatzen dituzte diru truk –oro har 100 eta 300 euro artean hilabetero, Jon Hidalgo kazetariak Arabako Alean azaldu duenez–.

Politizatu, udalak irizpide teknikoez mozorrotzen dituen horiek egiazki politikoak direlako. Horren froga da, azaldu du Bengoetxeak, beste herri eta hirietan ez dituztela baldintza berdinak eskatzen, eta Gasteizko Udala bera 2019an hasi zela muga berriak ezartzen ekimen propioz.

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak prentsa agerraldia egin zuen Gasteizko Udaletxearen aurrean, erroldarekin duen "legez kanpoko araudia" salatzeko. Argazkia: Erroldarik gabe izaterik ez

Gasteiz salbuespen

Auzoan Bizi Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen sareko kide da. “Aldaketak hasi zirenean beste toki batzuetako kideei galdetu genien ea arazo berak zituzten, eta ez”. Bilbo eta Donostiako udalek, esaterako, kontraturik ezean bizitokiaren froga gisa onartzen dituzte uraren edo argindarraren fakturak, edo udal-langileek bisitak egiten dituzte helbide horietara datuak egiaztatzeko –horixe bera egin zuen Gasteizko Udalak Errekaleor auzoan erroldatu ziren bizilagunekin urteak direla–. Gaur egun Gasteizen, aldiz, Auzoan Biziren eskutik hiru familiek berriki salatu duten gisan, bizitokian erroldatzea ukatzen diete herritarrei kontraturik ez dutelako... eta ukazioaren jakinarazpena helbide horretara bertara bidaltzen diete.

Aholkularitza Juridikoaren Txostena irakurrita eta alderdi batzuen adierazpenak eta kanpaina mediatikoak ikusita, pentsa liteke PSE-EAJ gobernuak araudia estutzeko duten arrazoi nagusia okupazioari aurre egitea dela. Baina horrek ez du zentzurik: erroldaren araudiak milaka gasteiztarrei eragiten die eta, horien artetik, bizitzeko toki bat okupatu dutenak erabat gutxiengo dira, Bengoetxeak azpimarratu duenez.

"Politika arrazista, pobreen aurkakoa eta okupazioaren kontrakoa da udalak erroldarekin egiten duena"

Errolda eskubidearen aldeko kanpaina

2023an sortu zuten Erroldarik gabe izaterik ez ekimena zenbait eragilek elkarlanean: Errekaleor auzoa, Batuta, Errota Anitza, Auzoan Bizi, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Inor ez Etxerik Gabe.

2024an Autodefentsa Juridikorako Gida argitaratu zuten, bertan dago udaletxean aurkezteko instantzia eredu bat, “kontratua ez izateagatik udalak errolda ukatzen duenean erabiltzeko”. Udalak ezetza berresten duenean bide judizialera jo dezake herritarrak, eta ekimenaren helburua da bide indibidual hori kolektiboki baliatuta pixkana udalaren errolda araudiaren aurkako sententzia batzuk lortzea. Horiek eskuan, azken pausua litzateke fiskaltzara jotzea, eskatzeko berak exijitu diezaiola udalari araudia moldatzea. “Bide oso luzea da, baina uste dugu emaitzak eman ditzakeela, eta bitartean, lortzen dugun aldeko sententzia bakoitza presioa da udalarentzako”.

Bengoetxeak azpimarratu du “fronte guztietan” eragiten saiatzen ari direla: kalean, hedabide eta sare sozialetan, instituzioan eta epaitegietan. Helburu oso zehatza dute: Gasteizko Udala presionatzea erroldatze eskubidea indarrean berrezarri arte. “Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei. Politika arrazista, pobreen aurkakoa eta okupazioaren kontrakoa da, amaiera jarri behar diogu”, dio Bengoetxeak.