argia.eus
INPRIMATU
“Udal zirkoa” kritikatuko du Irungo Lakaxitak 10. urteurrena ospatzeko jaian
  • Larunbatean ospatuko du Irungo Lakaxita gaztetxeak Jaion, urteroko festa handia. Aurten hamargarren urteurrena bete du zentro autogestionatuak eta zirku-tematika hautatu dute ospakizunerako.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko apirilaren 17a
Aurtengo Jaion festarekin Lakaxitak 10. urteurrena ospatuko du.

Ezohiko prentsa oharra bidali du Lakaxitak jaiaren berri emateko. Zirkuko artisten desfilearen antzera irudikatu dute beraien herria, Lakaxitako erleak desfilearen buru, atzean dituztela etxe kaleratzeen amildegia azpian izan arren oinez segitzen duten funanbulistak, hilabete bukaerara iristeko malabarismoak egin behar dituzten etorkin, emakume, langile eta gazteak; eta esku batekin hipoteka altxatzen duen bitartean, bestearekin argindarraren fakturari eusten dion Emakume Indartsua.

“Aspaldi zintzilikatu zituen Udalak jendarte eta kultur politikak enpresa pribatuen trapezioan eta herritar askok oreka galdu du gutxi batzuen etekinen amildegian eroriz”, jarraitzen du Lakaxitak hedabideetara bidali duen testuak.

Moskutik Lakaxitara kamioi-kontzertuan

Jaia 17:00etan hasiko da Irungo Urdanibia plazatik (Mosku izenez ezagunagoa) abiatuko den kamioi-kontzertuarekin. God Save The Pitilins taldeak jarriko ditu doinuak Lakaxitara iritsi arteko bidean. Sex Pistolsen bertsioak egiten ditu talde horrek eta jendaurreko estreinaldia izango dute 18koa.

Gaztetxean beste hiru kontzertu: Eten, Zezenaren taldea eta Blaka; eta horren ostean DJ Prest eta Zumitrenkok jarriko duten musika.

Ekonomia sozialeko proiektua martxan

Jauzi kualitatiboa eman du Lakaxitak aurten, ohiko gaztetxe eredutik harago, ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak garatzeko gune bat sortuz. Otsailean eman zuten horren berri eta azaldu zutenez, urtetan eduki duten ildoan sakontzeko bidea izango da eraikineko bigarren solairua hartuko duen egitasmoa.