Orain arte Burgosera edo Briviescara joan behar zuten bizilagunek edozein tramite egiteko, aurrerantzean Trebiñutik bertatik egingo dituzte.
Aurrerantzean Trebiñuko bizilagunak ez dira herritik atera beharko udal zergak ordaintzeko, tramiteak egiteko, edo informazioa lortzeko. Izan ere, Trebiñuko Udalak berreskuratu du udal zergak kudeatzeko eskumena, eta azken ukituak egiten ari da kontratatutako enpresarekin kobratze sistema berria martxan jartzeko.
Udal arduradunek adierazi dute egun hauetan amaitzen ari direla kobratze sistema egokitzeko lana, "uztailan zabaltzen delako bolumen handiko zergak kobratzeko epea, esate baterako Ondasun Higiezinen Zerga".
Orain arte Burgosko Diputazioak kudeatu du zerbitzua, eta horrenbestez Trebiñutik 60 kilometrotik gora mugitu behar ziren trebiñarrak edozein tramite egiteko edo informazioa lortzeko, Burgosera edo Briviescara.
Udalak 2015. urteko martxoan erabaki zuen zergen kudeaketa berreskuratzea. "Helburua da herritarrei tramiteak erraztea, udal zergen inguruko kontu guztiak hurbiltzea eta azkartzea", adierazi du Trebiñuko alkate Ernesto Argotek.
Alkateak azpimarratu duenez, hasierako asmoa zen Aste Santuan zerbitzua martxan jartzea, baina Gaztela-Leongo Juntak lehiaketa publikoaren hainbat atal moldatu behar zirela ohartarazi zuen, eta tramiteak atzeratu egin dira. Behin zuzenketak egin ostean, SCI enpresak hartu du udal zergak kudeatzeko ardura, 57.000 euroko lizitazioaren truke.
Beraz, dagoeneko Trebiñuko bizilagunek edozein zalantza izanez gero, kontratatutako enpresak udaletxean zabaldu duen bulegora jo dezakete.
(Albistea Arabako Alea-tik jaso da, honek duen CC-by-sa lizentzia baliatuta).