Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela hamabi urte beteko dira urtarrilaren 14an. Egun horretan, 12:00etan, Donostiako Antigua auzoan egingo dute ekitaldia, bere izena jarri dioten plazan, nahiz eta izen ofiziala Gaskuina plaza duen.
Ekitaldiak Oldarraldiz oldarraldi, beti tinko! izenburua izango du. Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak azaldu duenez, Antigua auzoan izango dira Kike Amonarriz eta Euskal Herrian Euskarazeko ordezkari bat. Txillardegiren ekarpenaz arituko dira, baita gaur egun euskal hiztunak jasaten ari diren oldarraldiaz ere.
Hitzartzeez gain musika, bertsoak eta aurreskua izango dira donostiar pentsalari eta hizkuntzalaria omentzeko.
2013ko eskaera
2013ko abenduan hainbat kultur eragilek Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegi Liburutegia izena jartzea eskatu zuen. Atxikimendu kanpaina abiatu zuten. Ekimena bultzatzeko, 2017an Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimena sortu zuten, eta gaur arte, urtero antolatu dute donostiarraren omenez egindako ekitaldia, baita liburutegiaren izendapen berria aldarrikatu ere.