Epaia “larritasun handikoa” dela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bingen Zupiriak adierazi du epaiak Jaurlaritzak helegitea aurkeztea "eskatzen" duela. UEMAren ustez, “marra gorri guztiak” gainditu ditu epaiak.
Erreakzio ugari sortu du astearte goizean ezagutu den EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, udal legearen hainbat artikuluren aurkakoa. Kontseiluak epaia “larritasun handikoa” dela adierazi du. Batetik, nabarmendu du udal legea Gasteizko Legebiltzarrean “adostasun oso handiz” onartu zela eta, aldiz, EAEn “oso ordezkaritza murritza” duen alderdi baten ekimenez egin dela haren aurka. Bestetik, gogoratu du uztailean Espainiako Konstituzio Epaitegia izan zela legearen artikulu baten aurka egin zuela, eta asterateko sententzia haren “luzapena” dela salatu du. Kontseiluaren ustez udal legeak euskararen normalizazioaren aldeko neurriak jasotzen ditu, eta baliogabetuz, “ normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen ari dira”.
Epaiak, “zoritxarrez”, azaroaren 4an euskalgintzak euskararen aurkako“oldarraldi judizialaren” aurrean antolatu duen manifestazioarako arrazoi gehiago ematen dituela adierazi du Kontseiluak. Adierazi du nahiago lukeela indarrak “euskararen normalizazioak eta biziberritzeak behar dituzten” zereginetara bideratzea, eta ez “epai hauen kontrako hesietan”.
Jaurlaritzaren helegitea
Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak ere hitz egin du epaiaz. “Justizia ezin da helburu politikoekin erabili”, adierazi du, gogoratuz epaia Vox alderdiaren helegite baten ondorioa dela. Kontseiluak egin bezala azpimarratu du udal legea adostasun “zabalarekin” onartu zela, eta salatu du EAEko Auzitegi Nagusia Espainiako Konstituzio Epaitegia baino “urrutirago” joan dela, partzialki baliogabetu duen dekretuaren “azterketa egiterakoan eta sententzia onartzerakoan”.
Jaurlaritzak aukera du epaiari helegitea aurkezteko. Zupiriak esan du Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek erabakiko dutela aurkeztu edo ez, azterketa egin ostean, baina adierazi du ere epaiak “eskatzen” duela Jaurlaritzak helegitea aurkeztea.
“Ofizialtasuna bera ere zalantzan”
“Erabaki honekin marra gorri guztiak gainditu dira, euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen baita”, salatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Elkartearen esanetan, “administrazioan euskara gaztelaniaren makuluarekin soilik erabiltzeko aukerak urte asko atzera garamatza”. Epaiak euskara “biziberritzeko” politikak “erabat mugatzen” dituela adierazi du.