argia.eus
INPRIMATU
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du
  • Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz abiarazteko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 23a
Sinn Feinneko lehendakariorde Michelle O\'Neil, ezkerrean, eta Mary Lou McDonald lehendakaria. (Liam McBurney/PA)

Hauteskundeak iragan maiatzaren 18an egin ziren, baina igandean bukatu zen kontaketa guztia. Parte-hartzea %54koa izan zen. Sinn Feinnek botoen %30,9 lortu du, aurreko udal hauteskundeetan baino 7,7 puntu gehiago, hots, boto guztien ia herena. Azkenengo hauteskundeetan izaten ari den arrakasta ikusita, espero zen igoera, baina aurreikuspen guztiak gainditu dituela esan liteke.

Sei eskualdetan izan da indarrik handiena Sinn Fein, horien artean Belfasten, hiriburuan. DUP alderdi unionistak bost eskualdetan izango du gehiengoa. Eskualde guztietan eta jendarteko sektore guztietan bildu ditu bozkak Sinn Feinek, bereziki gazteen artean. Eta belaunaldi berrietako botoak erakartzeaz gain, bere ohiko botoari ere eutsi egin dio.

DUP alderdi unionista izan da bigarren indarra: botoen %23,3 lortu du eta zituen 120 eserlekuei eutsi die. Sinn Feinen emaitza handiak ez dira berri ona unionismoarentzat, baina hala ere, DUP pozik agertu da emaitzarekin, eta interpretatu du bere hautesleriak sostengua eman diola Stormonteko Legebiltzarrari egin dion boikotari.

2022ko maiatzean egin ziren legebiltzarrerako hauteskundeak, Sinn Feinek irabazi zituen lehenbiziz eta harrezkero DUPek blokeatua du gobernuaren eraketa, Brexiteko akordioek Erresuma Batua eta Irlandaren artean finkatzen dituzten muga arauekin dituen desadostasunengatik. Orain 25 urte bete dituen Ostiral Santuko Akordioen arabera, Ipar Irlandako gobernu autonomoa errepublikarren eta unionisten artean osatu behar da, baina lehenbiziz gobernuaren lidergoa Sinn Feini dagokionean, DUPek boikoteatu egin du.

Aliantza gora, UUP eta SDLP behera

Aliantza alderdia izan da hirugarren indarra 65 zinegotzirekin, duela lau urte baino hamalau zinegotzi gehiago lortuta. Ekialdean alderdia oso errotuta dagoela erakusten dute emaitzek, eta mendebaldean sartzeko ahalegina egin du, baina ez du emaitza handiegirik izan eremu hartan.

Azken urteetan hirugarren geratu den UUP Ulsterreko Alderdi Unionista izan da galtzaile handiena, botoen %10,9 (-3,2) eta 53 eserlekurekin –21 gutxiago– laugarren postua lortuta. Galera handia, baina are handiagoa kontuan hartuta aurreko hauteskundeetan ere beste hamahiru galdu zituela.

Beste galtzailea SDLP da, irlandar nazionalisten alderdi sozialdemokrata klasikoa, zeina Sinn Feinen indartzearekin ahultzen ari den azken urte luzeetan. Botoen %8,7 (-3,3 puntu) eta 39 (-20) zinegotzi eskuratu ditu.

 

 

 

Hauteskundeetako emaitzak The Irish News egunkaritik jasota.