Bizkaiko Foru Aldundiak men egin dio Batzar Nagusiek otsailaren 3an onartutakoari, eta 2012tik indarrean dagoen foru araua aldatzea onartu du. Arau horrek Bizkaian udal gehiago sortzea debekatzen du.
Usansolotar gehienek Galdakaotik bereizteko agertutako nahiak eragin du arau aldaketa, baina haiei bakarrik ez, udala sortu nahi duen beste edozein herriri aukera eskainiko dio arau berriak. Aurretik, hala ere, Batzar Nagusiek oniritzia eman beharko diote.
Erabakiak 2012ko amaiera baino lehenagoko egoerara itzultzea eragingo du: udala eratu gura duten herriek hainbat baldintza bete beharko dute, besteak beste gutxienez 2.500 biztanle edukitzea, eta udal berriaren sorrera kontsulta bidez onartzea. Gainera, frogatu egin beharko da bai udal sortu berria bai jatorrizkoa –behin bereizketa gauzatuta– ekonomikoki bideragarriak direla.
Usansolok aise betetzen ditu baldintza guztiak. Herritarren borondatea, izan ere, agerian geratu zen iazko azaroaren 23an egindako galdeketan: ia %90ek. Honenbestez, hurbilago dute Bizkaiko 113. udalerria osatzea.
Gaur egun ez dago bestelako segregazio prozesurik abian Bizkaian.