argia.eus
INPRIMATU
Usansoloren segregazioa baimentzeko eskatuko dio Galdakaok Bizkaiko Aldundiari
  • Udalbatzak PSE-EEren mozioa onartu du. Sozialistek ez eze, Usansolo Herria, Bildu eta Galdakao Bizirik taldeek alde bozkatu dute. PPk ezezkoa eman du eta EAJ abstenitu egin da.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko azaroaren 28a
Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatetik hurbilago dago Galdakaoko Udalbatzaren erabakia eta gero. (Arg.: Unai Brea).

Mozioa onartzearen ondorioz, Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuko dio udal berrien sorrerari buruz 2012tik indarrean dagoen araua aldatzeko. Bizkaian udal gehiago eratzea galarazten du arau horrek.

Erabakiarekin, Galdakaoko Udalbatzak ateak zabaldu dizkio Usansoloren bereizketari, bertako herritarren gehiengoak udal berria sortzearen alde bozkatu eta lau egunera.

EAJk atzera egin du azken unean

EAJk Ibon Uribe alkatearen bide-orria proposatzeko asmoa zuen beste mozio baten bidez, baina Udalbatza hasi baino apur bat lehenago atzera egin du.

Zenbait iturriren arabera, oposizioko taldeen onespena lortu ez izanak bultzatu ditu jeltzaleak erabaki hori hartzera.

Uribek adierazi du, berriz, domekako herri galdeketan izandako parte hartze handiari errespetuagatik ez duela aurkeztu bere proposamena.

Haren bide-orriaren arabera, lehenbizi galdeketa egingo zitzaien Usansoloko herritarrei, bereizketa prozesu bat abiatu gura zuten ala ez jakiteko. Horren ostean, balizko udal berriaren mugak eta baliabideak aztertu behar zituen beren-beregi sortutako lan talde batek.

Ibon Uribek bultzatu gura izan duen prozesua behin betiko erreferendum batez amaituko zen. Azken kontsulta hori PSE-EEk aurkeztutako mozioak ere aurreikusten du, eta beraz nahiko segurutzat jo daiteke egin egongo dela. Datarik ez dago, ordea. Orain, Aldundiari dagokio hurrengo urratsa.