Irurako Udalari arrazoia eman eta udal aktak Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzara euskaraz bidaltzea legezkoa dela ebatzi du Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako hirugarren epaitegiak. Udaletatik euskaraz helarazten diren dokumentuak ez onartzea "hizkuntzaren ofizialtasuna ez aitortzea" dela arrazoitu du epaitegiak.
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak jo zuen Irurako Udalaren aurka, aktak euskaraz bidaltzeagatik. Epaitegiak legea ez betetzea leporatu dio Espainiako ordezkaritzari, ez dituelako jasotzat eman orain arte bidalitako aktak, euskaraz idatzita egoteagatik.
Epaian azaltzen denez, epaitegiak “ez du zentzuzkotzat jotzen” EAEn euskaraz idatzitako dokumentuak ez onartzea Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrak, “ulertuko ez balitu bezala”.
Gernikako Estatutua duela 35 urte onartu zen eta Euskararen Legeak 32 urte ditu, horrenbestez, botere publikoa "derrigortuta dago autonomia erkidegoan hizkuntza horretan egiten diren herritarren eskaerak jaso, tramitatu eta erantzutera", epaian ebatzi dutenez. Autoa behin betikoa da.
20 udalerri salatu ditu Urquijok aktak euskaraz bidaltzeagatik
Urquijok hogei udalerri inguru salatuak ditu udal aktak euskaraz baino ez helarazteagatik. UEMAko kide diren 40 udalerrik baino gehiagok errekerimenduak edo helegiteak jaso dituzte hizkuntza irizpideak, erabilera planak edota aktak direla tarteko. UEMAkoak ez dira salaketak jaso dituzten udalerri bakarrak.
Martxoan iragarri du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Eusko Jaurlaritza Beizamako Udalaren auzian demandatu gisa aurkeztuko dela. Bazirudien epaitegietan diren gainerako udalen auzietan ere pertsonatuko zela Jaurlaritza, baina ez du halakorik adierazi zehazki Baztarrikak.