argia.eus
INPRIMATU
Udako oporrik gabe Errekaldeko gaztetxe berria txukuntzeko
Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 09a
Etxarri gaztetxea uda osterako prest edukitzea espero dute Errekaldeko Gazte Asanbladako kideek

Uztailaren 4an ia 20 urtez abandonaturik egon den bi pisuko eraikina okupatu zutenetik lanean “jo ta ke” dabiltza gaztetxe berriko kideak. “Lan handia dugu orain, hondakin asko daudelako eraikinaren barruan”.

Gaztetxeari ez diote Kukutza IV izena jarriko, Kukutzaren garaia bukatutzat eman dutelako eta etapa berri bat hasi nahi dutelako. Horregatik “Etxarri” izena jartzea erabaki dute: “Eraikinari gure artean La Forta deitzen genion, baina ez genuen izena gaztelaniaz jarri nahi. Euskarazko sinonimoak bilatu genituen eta hori gustatu zitzaigun”.

Etxarrirako hainbat proiektu dituzte buruan. Auzorako zinema bat egin nahi dute, adibidez, eta bilera gela bat “auzoan kolektibo asko dagoelako eta gaur egun ez dugu biltzeko lekurik”.

Inaugurazio data ofizialik ez duten arren, gaztetxe berria uda osterako prest edukitzea espero dute. Horretarako oporrak auzolanean pasa beharko zituzte: “Aurten denak Errekalden geratuko gara, Etxarri txukuntzeko”.