argia.eus
INPRIMATU
Udako oporretan ikastetxeek ateak ireki ditzatela eskatu diote hezkuntzako adituek Espainiako Gobernuari
  • Egoera berriak ikasleen arteko arrakala areagotu duen honetan, atzean geratzeko arriskua duten ikasleei laguntzeko udan ikastetxeak irekitzea eskatu du hezkuntza munduko hainbat adituk, beti ere osasunaren ikuspegitik baldintzek ahalbidetzen badute. “Hezkuntza sistematik erortzen uzten baditugu eta gaiari lehenbailehen heltzen ez badiogu, gero askoz zailagoa izango da ikasle horiek berreskuratzea”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 14a

Proposamenean esaten da une horretan lanean ez dauden irakasle ordezkoek edo langabezian direnek ematea klaseak.

Edukietan eta ikasgaietan sakontzea behar duten gazteei eguneratzeko aukera ematea da asmoa, “baina ez da bakarrik curriculumarekin laguntzea, psikologikoki eta kontziliazioari begira ere, egoera oso gogorra bizitzen ari da hainbat jende, eta lagundu behar zaie”, ohartarazi dute, Isabel Celaá Espainiako Hezkuntza ministroari eta erkidegoetako ordezkariei bidali dieten gutunean. Save The Childrenen ekimena da gutuna, eta hezkuntza munduko berrogeitik gora elkarte eta adituk egin dute bat eskaerarekin, tartean familia elkarteak, unibertsitateko irakasleak eta Hezkuntza saila eraman izan duten politikariak.

Britainia Handian ere, udako oporretan ikastetxeak uneren batean ireki ahal izatea eskatu du hango Adin Txikikoen Defendatzaileak, batik bat egoera zaurgarrienean dauden ikasleak gogoan. Azken finean, baliabide teknologikoak eta etxeko helduen laguntza –falta– tarteko, ikasleen arteko arrakala areagotzen ari dela nabari du hezkuntza komunitateak.

Nola ebaluatu eta hurrengo ikasturtea nola prestatu

Arrakalari aurre egiteko beste lau eskaera ere bildu dituzte gutunean: ebaluazioa moldatzea, ikasturtea errepikatu behar duten ikasleen kopurua murrizteko (“salbuespena behar luke ikasle batek errepikatzea”); hurrengo ikasturteko curriculuma “urgenteki” egokitzea, edukiak arindu eta ikasle bakoitzaren beharrei arreta gehiago eskaintzeko; hurrengo ikasturtean, eskola-orduetako eta eskolaz kanpoko laguntza indartzea; eta teknologia baliabideak bermatzea ikastetxe eta ikasleei.

Asteazkenean honetan dute bilera Isabel Celaák eta erkidegoetako ordezkariek, ikasturte hau nola itxi erabakitzeko. Ikastetxeetara –noiz– bueltatuko diren, ebaluaziorik egingo al den edota ikasle guztiek ikasturtea automatikoki gaindituko al duten dira mahai gainean izango dituzten gaietako batzuk.