argia.eus
INPRIMATU
Udaberriko Uzta: Olatz Salvadorren eta marmeladaren gozoa
  • Ekainaren 15ean Olatz Salvadorren kontzertua izan zen Beltzitina baserrian, Anuzitan (Araban). EkimenaEHKO, laborarien kolektiboak, iametzak eta ARGIAk garatu dute elkarlanean. Baserriko Uztaren helburua herritarrek etxaldeak bertatik bertara ezagutzea da, baserritarren lanak eta produktuak nola lantzen diren ezagutuz.

Xalba Ramirez @xalbaram 2019ko ekainaren 28a

Añanako koadrilan da Anuzita, Euskal Herriko erdigunetik ez oso gertu, egia esan. Baina ez da aitzakia izan egun ederra igarotzeko intentzioarekin herrialde guztietatik 60 lagun bertaratzeko. 10:30etarako zen hitzordua, baina ordu erdi lehenago jada iritsi dira adin guztietako lehen bisitariak.

Berandu baino lehen hasi dira bisitarekin Amparo eta Xabier, Beltzitina etxaldeko nagusiak. Bi talde antolatu dituzte, euskaraz bata, gazteleraz bestea, eta inguruan dituzten fruta-arbolak erakusteari ekin diote. Hogei fruta ezberdin dituzte txukun antolaturik: udareak, mahatsak, sagarrak... denak ez dira, noski, garai berean ateratzen, eta horri esker ia urte osoan dute garaiko marmelada.

Duela bost urte inguru etorri zen bikotea Anuzitara, Amparok fabrikan lan egiteagatik zituen gaixotasunak sendatze aldera. Agroekeologian topatu zuten sendabidea, eta gutxika hasi ziren marmeladekin esperimentuan, senide eta lagunei oparitzen hasieran, eta ekoizpena handituz urtez urte.

 

Udaberriko Uzta, uda giroa izan dugu eta 12:00etarako hamaiketakoa prestatu dute. Gazta mota ezberdinak marmeladekin nahastu ditugu, eta azalpen interesgarrien artean dastatu ditugu gutiziak. Galleta marroi ilun batzuk piztu dute kuriositatea, eta azalpen bateratua jaso dugu: ezkurrez eginikoak dira! Harridura handitu du bertaratutakoen artean, eta den-denak amaitu egin dira.

Sabela elikatu ostean, belarriei gozamena emateko prestatu dira Olatz Salvador eta bere anaia Jagoba Salvador. Iaz Zintzilik diskoa kaleratu zuenetik han hemen ari da diskoa aurkezten, taldean, banaka edo gaurkoan bezala, biko formatuan. Jagobak gitarra elektrikoarekin konponketa ederrak egin dizkio, jada ederrak diren kantuei. Sampler baten laguntzaz erritmoa gehitu egin diote kantuei. Eta ze giro atsegina. Batzuk sekula entzun gabe artistak, eta besteak letra guztiak abestuz ordu beteko emanaldi goxo eta kitzikagarria eskaini digu bikoteak.

 

Eta berriz ere sabela betetzera. Inguruko ekoizle agroekologikoekin osatutako menua eskaini digute, entsalada freskoa eta pasta haragi eta shitakearekin. Postrea jogurta, nola ez, marmeladarekin, eta kafea. EHKolektiboko kideak pozik ari dira batarekin zein bestearekin tertulian.

Egun ederra igarota, baserri mundua eta ekoizpen agroekologikoa zabaltzea lortu dute beste behin ere. Hurrengo aukera ez galdu: abuztuaren 31an Eñaut Elorrieta izango da Pagolan (Zuberoa).