argia.eus
INPRIMATU
Bakterio honek sortzen du udaberriaren usain gozoa eta ardo txarrarena
  • Udaberriak lur bustiak askatzen duen usaina du. Streptomyces generoko bakterio batzuek sortzen dute.

Jakoba Errekondo 2021eko apirilaren 16a
Streptomyces coelicolor bakterioa.

Udaberriak lur bustiak askatzen duen usaina duela nioen aurrekoan, eta geosminari (literalki “lur usaina”) egotzi “errua”. Streptomyces generoko bakterio batzuek sortzen dute, batez ere Streptomyces coelicolor espezieak. Bakterio hori ez da pello kirten hutsala: egungo medikuntzan erabiltzen diren antibiotikoen iturri nagusia da, eta horregatik bera ikertu eta ikertu ari dira. Berarekin 6.000 produktu kimiko baino gehiago ekoizten dira, besteak beste, tetraziklina, eritromizina, rifanpina edo kanamicina bezalako bakterioen aurkako agente ezagunak, nistatina bezalako onddoen aurkakoak, tumoreen aurkakoak, helminto edo hesteetako zizareen aurkakoak eta baita immunosupresio agenteak ere, besteak beste.

Emankortasun horrek bere genoma erabat sekuentziatzea ekarri zuen. Dituen 8.000 inguru geneetatik geosmina usaina sorrarazten duena aurkitu zuten. Geosmina, udaberriak edo noiznahiko euriak dakarren lur usaina ez da garrantzitsua, ardoa edateari ematen diogun arte...

Ardogintzan botila ireki eta lur usaina hartzea da izan daitekeen akatsik okerrenetakoa. Berdin da sagarrarena, udarearena, mahatsarena edo dena delakoaren frutarena izan, ardo hori egin duen enologoaren zorigaitz daitekeen eta handiena da geosmina. Madarikatua dugu udaberriaren usaina ardoan, beste batzuk gurtuta ditugun bezalaxe, adibidez galipotarena, lapitzarena, arbelarena, belar ebaki berriarena... Sudurraren kultura endurtua dugu, mugatua, bridatua. Zenbait usain on dira eta beste zenbait txar, belarrak bezala.

Gameluaren sudurrari galdetu behar. Milaka urtetako enigma izan da nola gamelu batek 80 kilometrora dagoen ura usaindu eta hara bideratu daitekeen. Agidanean, geosmina horixe da arrazoia. Bera sortzen duen bakterioak badaki gameluak eta berak bezala beste animalia batzuek (intsektu, zizare eta abar) hedatzen lagunduko diotela bera dagoen ura edaten dutenean. Batera eta bestera zirripiztindu eta garraiatuko dutela.

Mexikoko eta Amazonasko kaktusen eta beste zenbait landareren loreetan ere topatu dute geosmina. Ura dutela adierazi eta bere polinizazioa erraztuko dutenak erakartzeko trikimailu ederra. 

Guri udaberriaren usain ederra, euriaren ondoreneko lurrin gozoa eta ardo txarraren arrastoak dakarzkigu geosminak.