Zuhaitza esnatzear dago, kimuak ageri dira adarretan. Gutxi falta da loraldirako, laster aro berria hasiko du, indarberrituta.
Gorputzak udaberrian zaintza berezia behar du: gibela, behazun-maskuria eta giharrak elikadura berezia behar dute. Nekea agertu daiteke eta emozioek sosegua behar dute.
Baratzeko eta lorategiko hazitegia prestatzen hastea da nire helburua. Gordeak ditut haziak, altxorrak dira nirean. Hazitik landarea eta landaretik fruitua lortzeko. Eta zuk zure zaintzarako zein ohitura erein nahi duzu?
Orburuak zuntz eta konposatu mikatz ugari ditu. Zinarina azidoari esker, oso egokia da gibela garbitzeko, kolesterola jaisteko eta giltzurrunari laguntzeko. Bitamina eta mineral ugari ematen ditu, ia gantzik eman gabe. Kaltzioa, magnesioa, potasioa, zuntza eta B multzoko bitaminak ditu, besteak beste, eta ahalmen alkalinizatzailea du.
Zertan laguntzen gaitu? Gibelaren laguna da, propietate arazgarriak ditu. Kolesterol arazoak dituenarentzat gibela garbitzea gomendatzen dut. Gibela garbitzeak eragina du baita ere gure azalaren zaintzan.
Digestioari laguntzeko eta idorreriari aurre egiteko baliagarria da. Inulina zuntzetan aberatsa da, eta prebiotikoa izateaz gain, asegarria da.
Orburuak giltzurrunari ere laguntzen dio, diuretikoa da.
Diabetesarentzat lehen platerean jatea gomendatzen dut, azukre-maila hobetzen du.
Nola prestatu? Orburuaren bihotza gordinik jan dezakegu entsaladan, olioarekin. Barazki-menestran jan dezakegu; baita ere lurrunetan egosita; labean erreta; eta urdaiazpiko eta arrautzarekin plater oso bihurtuko da. Orburuak egosi diren ura berrerabili dezakegu saldak eta zopak egiteko.
Zainzuriek ura dute osagai nagusi eta aberatsak dira zuntzetan, horregatik dira asegarriak. Kaloria gutxikoak dira eta bitamina eta mineral ugari dituzte, hala nola C bitamina, K bitamina, azido folikoa, burdina eta potasioa. Asparagina ere badute, diuretiko natural gisa jokatzen duen aminoazido bat, eta gorputzari gehiegizko ura kentzen laguntzen dio.
Zertan laguntzen gaitu? Gibelaren laguna da, propietate arazgarriak ditu. Giltzurrunak lanean jartzen ditu. Zuntz ugariko barazkia denez, hesteetako trantsitua arautzen laguntzen du eta idorreria saihesten du. Ekintza diuretikoa dute: potasio ugari eta sodio gutxi dutelako gertatzen da hori. Azido urikoa altua duenak kendu edo saihestu beharreko elikagaia da.
Nola prestatu? Berdeak ez dira zuritu behar, zuzenean prestatu ditzakegu plantxan, lurrunetan, zartaginean edo barazki kreman.
Zuriak zuritu eta egosi egin ditzakegu, bai lurrunetan bai uretan (5-10 minutu). Erreta ere presta ditzakegu, edo salteatuta, edo menestran. Barazki kreman ere jar ditzakegu.
Orburuaren ezaugarri oso antzekoak ditu. Bereziki gomendatzen da gibela zaintzeko eta diabetikoentzat. Kardua inulina zuntzean aberatsa da eta ur ugari du. Bitamina eta mineral ugari ematen ditu, ia gantzik eman gabe. Kaltzioa, iodoa, burdina, potasioa eta B multzoko bitaminak ditu, besteak beste, eta ahalmen alkalinizatzailea du.
Zertan laguntzen gaitu? Gibelaren laguna da, propietate arazgarriak ditu eta kolesterol arazoak daudenean gibela garbitzea gomendagarria da. Gibela garbitzeak eragina du gure azalaren zaintzan.
Behazun-maskuriari ere laguntzen dio.
Digestiorako eta idorreriari aurre egiteko lagungarria da, baina haizeak sortu ditzake. Inulina zuntzetan aberatsa da.
Giltzurrunari laguntzen dio, diuretikoa da. Diabetes planetan gomendagarria da.
Nola prestatu? Egosita presta ditzakegu, oliba olio eta berakatzekin. Urdaiazpiko eta arrautzarekin plater oso bihurtuko da.
Mikatza, diuretikoa eta apetituaren estimulatzailea, txikori belarra lagungarri da udaberrian. Gibela eta giltzurrunen zaintzarako botikinean dut beti.