argia.eus
INPRIMATU
Udaberria noiz arraio hasten da?
  • Udaberria berrasmatu beharra daukagu. Txoratzen gaitu; udara datorrelako ilusioak, oporren ispilatzeak, arropa lodi handiak kentzeak, elektrizitatearen faktura jaitsiko delako lilurak eta abarrek, udaberriaren usain soilak, txoroaldi punttua ematen digute. Txoroaldia bai, ez eroaldia. Behin poeta batek galdetu zidan zer alde zegoen txoroaren eta eroaren artean. Erotzea burua joatea edo galtzea da, txoroak zer galdurik ez dauka. Eta hori, urte garai honetan txoroaldi kirasño bat usaintzen da. Bakoitzak bere eroa bizi duen bezala, txoroaldiak ere bakoitzarenak eta bakarrak dira. Udaberriak ere bai. Hemen bakoitzak bere udaberria bizi du. Udaberriko odolberritzearen txute hori noiz sentitu edo somatizatzen dugun dago koska.

Jakoba Errekondo 2022ko martxoaren 21a

AEBetan eta Kanadan, marmota batek esaten die udaberria noiz etorriko den. Auzoko batek esaten zuen sahatsa (Salix caprea) loratzean hasten zela. Abertzale estu-estuarentzako Gernikako haritza (Quercus robur) pujatzean hasiko da. Santuzaleek Kandelari eta San Blas egunei begiratzen diete, baita birjinari gehien jartzen dioten lorea, kala (Zantedeschia aethiopica), noiz loratzen den ere; baita “udaberri-lorea” eta “ostaiska” ere esaten zaion sanjose lorea (Primula veris) noiz loratzen den ere. Udaberri astronomikoaren ondoren (eguzkia Aries puntutik igarota) lehenengo ilargi beteak markatzen duen aste santuaren gurtzaileek, erabiliko dituzten ereinotzaren (Laurus nobilis) edota palmondoaren (Phoenix dactilifera) lorealdiari begiratuko diete. Basozaleak, landatzeko landarea, sabia edo txirpia muntegietan noiz amaitzen den. Horizale eta arantzazale masokistak otearen (Ulex spp.) loraldiari jarraituko dio. Uztargileak, sahatsaren izerdiari eta pagoaren (Fagus sylvatica) esnatzeari. Patxaranzaleak, elorri beltzaren (Prunus spinosa) loraldi zuri ikusgarriari. Txertatzaileak udare (Pyrus communis), mizpira (Mespilus germanica) eta abar ugaltzeko asmoz, elorri zuriaren (Crataegus monogyna) izerdi gorabeherei. Mendizale bukolikoak pagadien birberdetzea ikusi nahiko du. Sagardozaleak txotxaren sasoia ixtearekin batera loratzen den sagastia (Malus domestica) izango du jopuntu; esaerak honela dio, “martxoko lorea, ez balitz hobea; apirilekoa urrea; maiatzekoa ezer ez baino hobea!”. Diruzaleak, pinuaren (Pinus radiata) beldarraren prozesioak noiz bukatzen diren. Ardo zomorroak, mahastien (Vitis vinifera) inausketako zaurietako negarraren hasiera. Itsuak, zozoaren eta txantxangorriaren bakartsaio berriak.

Nik udaberria gero eta azkarrago hasten delako susmoa dut. Nire aurtengo udaberria iaz abiatu zen: abenduko solstizioarekin etxeko mimosa (Acacia dealbata) loratu zenean; eta magnolia tulipa (Magnolia x soulangeana), lilipak (Narcissus spp.), azeribuztana (Equisetum telmateia), mailukiak (Fragaria vesca) eta baita irasagarrondoa (Cydonia oblonga) ere; zuhandorraren (Cornus sanguinea) kimua ikustean eta abar. Zeurea?