Ostegunean hasi da uda. Hartara, udaberriko eguraldiaren balorazioa eta udakoaren iragarpena egin du gaur AEMETek. Apirila 1961az geroztik hilabeterik lehorrena izan den arren, udaberri “arrunta” izan da eta uda ohi baino beroagoa izatea aurreikusi dute.
Ostegunean hasi da uda, gaueko 22:51n eta 93 egunen ondoren, irailaren 22an amaituko da. Udaberriko eguraldiaren balorazioa eta udakoaren iragarpena egin du gaur Nafarroako AEMET meteorologia agentziako arduradun Paloma Castrok. Apirila 1961az geroztik hilabeterik lehorrena izan da. Hala ere, maiatzean lehortea konpentsatzen da eta udaberriko batez bestekoa positiboa da. Datuak normalak dira eta urtaroari dagozkionak.
Gainera, Nafarroak "Estatu osoko urtegirik beteenak" izan zituen maiatzean. Azken bi urteetan baino euri gehiago egin du aurten. Hala ere, egoera ez da bera izan Nafarroa osoan zehar; Bardeetan, mendebaldean eta iparraldean ez da horrenbesteko prezipitaziorik egon. Iruñean ordea, astero astero batez bestekoa gainditu da eta %115ekoa izan da prezipitazioen kopurua. Nekazaritzari dagokionez ez da bereziki hezea izan baina aurten “zortea” izan dutela nabarmendu du Castrok.
Orokorrean Europan "ohiko tenperaturen gainetik” egoteko probabilitatea handia dago. Zehazki, Foru Erkidegoan %70 eta %80 bitarteko probabilitatea dago hala izateko.
Prezipitazioei dagokienez, ohi baino lehorragoa izateko aukera %50 eta %60 artekoa da. Suteen muturreko arriskuari dagokionez, ekainaren 27ra arte ez da itzuliko. Dena den, “sute arriskuak egunez egun ikusi beharko ditugu, baina oraingoz ez gaude muturreko arriskuaren aurrean”, azpimarratu du AEMETeko ordezkariak.