argia.eus
INPRIMATU
Udaberri kurdua Turkiako hauteskundeetan
  • HDP Herrien Alderdi Demokratikoa izan da Turkiako hauteskundeetako protagonista nagusietakoa. 

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 08a
Demokrazia, Herri Kurdua, langileria klasea edota askatasuna dira HDP alderdiaren oinarriak (argazkia: Diagonal)

Botoen %13 lortuta, Turkiako Parlamentuan ordezkaritza edukitzeko %10aren muga gainditzea lortu du. 79 eserleku izanen ditu Selahattin Dermitas eta Figen Yüksekdağ-en alderdiak Turkiako Parlamentuan.

HDPk lehenago alderdi kurduek errepresentaziorik izan ez duten hainbat tokitan lortu ditu eserlekuak bere diskurtso berri eta desberdinari esker – demokrazia, Herri Kurdua, langileria klasea edota askatasuna ditu oinarri –; 2011ko hauteskundeetan alderdi kurduak lortutako emaitzak bikoiztu egin ditu.

Kurdistanen AKP Justizia eta Garapena alderdiari boto asko kendu dizkio HDPk. Diyarbakir / Amed probintzian, adibidez, botoen %80 lortu du, eta antzeko gertatu da Kurdistango beste hainbat probintziatan. Turkiako hiri handietan ere indarrez sartu da HDP. Istambulen, esate baterako, hirugarren indarra izatea lortu du, 11 eserleku lortuz.

Gezi parkeko espirituak bizirik jarraitzen duela adierazten du HDPren arrakastak. Turkiar asko mugitu dira kurduen aurkako injustizien eta herrialdearen demokrazia faltaren aurrean.

Hauteskundeek aldatu egin dute Turkiako gobernuaren mapa. Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP alderdi kontserbadore eta islamistak hauteskundeak irabazi arren, gehiengo osoa galdu egin du. AKPk lor ditzakeen itunak ikusteke dauden arren, badirudi orain arteko Erdoganen aginte absolutu eta erosoa bukatu dela Turkian.