argia.eus
INPRIMATU
Udabarrin lur guztia ernemin

Jakoba Errekondo 2021eko martxoaren 25a
Maaltzaren (Pyrus pyraster) loratze ezin zuriagoa.

Zer usain du udaberriak? Galdera horri erantzuten saiatu da makina bat zientzialari eta poeta. Udaberria definitu behar horretarako. Jende gehienarentzat udaberriaren sarrera egutegiak mugarritzen du. Aurten martxoaren 20a. Gutxi batzuek sarrera hori egun horretako zein ordutan gertatzen den begiratuko dute, aurten martxoaren 20aren gure ordulariaren 10:37an. Urtero gertatzen da martxoaren 19 eta 21 artean. Ordu horren zergatia galdetuko du baten batek, eta jakingo du une horretantxe guk ikusten dugun eguzkiaren lurraren inguruko bira ekuatorearen parean dela. Ordutik atzera, gure ipar hemisferioan eguna gaua baino luzeagoa da. Horixe neurketa zientifikoa. Nik poetikoagoak maite ditut. 

Zenbaitentzat udaberria hemen den arrastoak bestelakoak dira. Batzuk animaliei lotutako aztarnak dira (“udaberriak odola aldatzen du”, dio esaerak): katua ohara jartzen denean (“otsaila, katuila”) edo astoa iel (“maiatza, asto aro eta hosto aro”), edo zapelaitz bikoteek bere hegaldi-dantza zaratatsuari ekiten diotenean.

Askok landareei begiratzen diete. Nire auzoko bat sahatsa (Salix spp.) loretan ikusi arte neguan bizi da. Beste batek haritza (Quercus robur) loretan ikusi arte ez du sinistuko udaberria asentatu denik. Emakume pare bat entzun izan dut aro berria zerk ote dakarren elkarri zipoka: batentzat elorri beltzaren (Prunus spinosa) loraldi zuria zen, bestearentzat maaltzaren (Pyrus pyraster) loratze ezin zuriagoa (“udabarrian makatza, udagoienan mahatsa”). Sinesgogorrenek elorri zuriaren (Crataegus spp.) loraketa usaintsuaren urrin mozkorraldirik gabe ez dute neguko arropa baztertuko.

Koloreen zantzua nabarmena da gure paisaiaren udaberrietan. Izan ere zuhaitzen bat edo landareren bat hartzen badugu seinale, toki bakoitzean udaberri bana genuke. Eta, hori gutxi balitz bezala, landare bakoitzak bere udaberria lekarke. Adibidez, gure etxearen inguruan haritz batzuk hostoz erabat jantzita daude, baita loretan ere, dagoeneko, eta beste batzuek hosto puntta besterik ez dute ageri, oraindik, begi ireki berrietan.

Nik batek eta besteek osatzen duten multzoari eta haren gorabeherei erreparatzen diet. Erreparatu sudurrarekin, eta ikusten dudanari usaina hartu. Bai, udaberriak bere lurrin berezia du. Euria egiten duenean lurrak askatzen duena bera; geosmina esaten zaio (grezierako “geo” lurra eta “osme” usaina). Batez ere bakterio batzuek sortzen dute, eta bere hedapenarekin lotuta dago. Usain horrek erakarriko ditu bera jan eta zabalduko dutenak. Iraupenaren usaina da, itxaropenaren usaina. Izerdi berriak piztuko ditu landare gehienen bizipozak eta gogoa. Neureak badoaz, izan ere uda hemen da...

Udaberriarekin ere poeta nagusi. Hala dio Ursula K. Le Guinek: “Zientziak zorrotz deskribatzen du kanpotik, poesiak zorrotz deskribatzen du barrutik. Zientziak azaltzen du, poesiak berekin dakar. Biek deskribatutakoa ospatzen dute. Zientziaren lengoaia eta poesiarena behar ditugu, ezjakina edo errua sendatzeko balio ez diguten datu pilaketa infinituetatik salbatzeko”.