ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.
Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika gisa
Bell Hooks
Itzulpena: Amaia Apaulaza Ollo
Katakrak, 2023
214 orrialde
Bai ikasle gisa beltzentzako eskola batean bizi izan zituenak, bai gero irakasle zela praktikara eraman zituen pedagogia askatzaileak eta horren bueltako erresistentzia, beldur, hutsegite eta fruituak bildu zituen Bell Hooks idazle, irakasle eta militante feministak iaz euskaratutako liburu honetan. Hezkuntza ardatz hartuta, ikasgelako dinamiketan klase, arraza eta generoa deskolonizatu beharraz, ahots eta gorputz baztertuez edota hezkuntzaren indar iraultzaileaz sakon eta argi dihardu saiakera honetan. Mikel Garcia Idiakez
* * * * * * * * * *
Lurraz beste
Garazi Arrula
Txalaparta, 2023
200 orrialde
Laudorio ugari entzun edo irakurri dut Garazi Arrularen bigarren ipuin liburuaz: gure garai kapitalista aldakor honek sortzen dizkigun noraezak, kontraesanak zein heldulekuak bikain jasotzen dituela bere pertsonaietan, erregistroen aberastasuna ipuinez ipuin, testua ironia maltzurrez zipriztintzeko duen gaitasuna, amaiera irekiak... Arrazoi askoz ere sinpleagoa –baina batere garrantzi gutxiagokoa– dago, ordea, Lurraz beste irakurtzeko: goi-mailako idazkeran murgildu, korronteak eraman zaitzan utzi, eta irakurtze hutsaren plazeraz gozatzea. Zigor Olabarria Oleaga
* * * * * * * * * *
Ekonomia eraldatzaileak
Oscar García Jurado eta Olatukoopeko hainbat kide
Olatukoop, 2024
92 orrialde
Liburu bat baino, eskuartean ibiltzeko eta amesteko manuala da honakoa. Edo “pitzadurak irekitzeko mailu bat”, sarreran dioen gisan. Lanean eta herrigintzan erabili ohi ditugun hainbat kontzeptu ekonomiko berraztertzen ditu: ekonomia kapitalista, soziala, komuna, feminista... Zer den bakoitza, eta zer ez den. Burujabetzatik eta autoeraketatik proposamenak ere egiten ditu, eraldaketa eta lurraldeak oinarri. Olatukoopek 10. urteurrena ospatzeko egin digun oparia, P2P lizentzia ez-kapitalistan eskuragai denontzat. Urko Apaolaza Avila
* * * * * * * * * *
Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson
Itzulpena: Amaia Astobiza eta Iñigo Roque
Katakrak, 2024
172 orrialde
Ezagutu nahi baduzu Palestinako XX. mendeko historia, irakurri, adibidez, Palestina, cien años de colonialismo (Rasihd Khalidi). Eta Israel zer den ulertzeko, La Idea de Israel. Una historia de poder y conocimiento (Ilan Pappé). Biak ezinbesteko liburuak Israelek palestinarren aurka daraman genozidioa ulertzeko. Baina askoz laburrago, sakontasunez eta euskarazko bazka ederra nahi baduzu, Perry Andersonena bikaina da. New Left Review aldizkariko 2001eko eta 2015eko bi artikulu dira, eta zapalkuntza honen historia eta gaurkotasuna ulertzeko puntu giltzarriak eskaintzen ditu. Xabier Letona Biteri
* * * * * * * * * *
Herriak du gehien agintzen
Raquel Varela eta Robson Vilalba
Itzulpena: Eskarne Mujika Gallastegi
Txalaparta, 2024
175 orrialde
Portugalgo Krabelinen iraultzak 50 urte bete dituen honetan, Europako azken hamarkadetako iraultza sozialik sakonena ezagutzeko gonbidapena da komiki hau. Ez da, baina, historia liburu bat. Herria agintzera nola iritsi zen kontatzen da, ezkerreko mugimenduetan burubelarri ibili zen José protagonistaren bizipenen bidez –egiazko historia da–. Niretzat ezezagunena: hiru urteko herri-boterearen dimentsioa eta hori kamustea nola lortu zuen erreformismoak. Robson Vilalbaren zuri-beltzeko ilustrazioek oso modu berezian irudikatzen dute historia. Lander Arbelaitz Mitxelena
* * * * * * * * * *
Todo bajo el sol (Dena eguzkipean)
Ana Penyas
Salamandra Graphic, 2021
160 orrialde
Masa-turismoa, hirigintza-espekulazioa eta drama soziala. Penyasek geroz eta hiri gehiagoren arazo diren gentrifikazioa eta ekoizpen-eredua zalantzan jarriko ditu Levanteko kostak 1960. hamarkadan jasandako txikizioaren bidez. Hamarkadetan zehar, neoliberalismoaren gorakadak familia bateko kideen itxaropenak eta proiektuak nola eraldatuko dituen kontatzen du. Adreiluaren boom-agatik beren lekua utzi behar izan zutenei eskainitako kronika grafiko gordin bezain ederra. Maitane Gartziandia Agirrezabala