"Uda hau aukera ona da euskaldunek Euskadi turismo-helmuga gisa berriz deskubritzeko", adierazi du Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuak, ElDiario.es-ek plazaratutako elkarrizketan. Gaineratu du bizi dugun krisitik irtetean inoiz baino beharrezkoagoa izango dela hurbileko merkataritzaren alde apustu egitea: "Erosketa-hautuekin nahi dugun gizarte eredua eraikitzen dugu".
Sailburuak azaldu du "beheraldian" sartzen garen neurrian hasiko direla irekitzen ostatu eta saltokiak, betiere segurtasun protokoloak aintzat hartuta: "Erosteko ahalmen txikiagoa izan arren, uste dut herritarrek gogoz hartuko dituztela irekiera horiek, irteteko eta harreman sozialak izateko duten nahiagatik". Aglomeraziorik, tarte batean bederen ez: "Jende pilaketarik ez dut uste inon ikusiko dugunik, ez ekitaldi handietan, ez kongresuetan... epe laburrean ez dira emango".
Eta, zer gertatuko da hiriburuetako festekin? Perezen hitzetan oraindik garaiz da ezer aurreratzeko. "Apirilean gaude, asteak eta hilabeteak falta dira pandemiak nola eboluzionatuko duen eta kutsatzeak nola kudeatu eta jaisten diren ikusteko. Horren arabera gainerako gaiak egokituko dira. Jaiak egingo diren ala ez aurreratzerik ez dago. Onartu behar da konfinamenduaren ondorengo asteetan distantziak gorde beharko direla eta [jai-guneetako] edukiera mugaturik egongo dela".
Turismoa suspertzeko, denbora gehiago
Perezek ez du turismo denboraldia galdutzat ematen, baina hura suspertzeko denbora gehiago beharko dela dio, nahiz eta kasu honetan ere, negozioa norantz bideratua dagoen, martxan jartzeko epeak desberdinak izango diren, jendeak herrialde batetik bestere bidaiatzeko izango dituen zailtasunengatik. Zentzu horretan, etxeko- edo natura-turismoa hobe kokatuak daude: "Azkenean, barne-turismo gehiago izan dezakegu, nazionalagoa, Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetatik datorrena; baina turista atzerritarrak etortzea denbora gehiago emango du".
Orduan, hobe oporrak Euskadin igarotzeko plana egitea? Sailburuaren hitzetan, herrialde bakoitzak krisia kudeatzeko moduaren araberakoa izango da, zein segurtasun-neurri aplikatzen dituen... "Alde horretatik Espainia oso ongi kokaturik dago, osasun-sistema oso ona duelako. Espainiak, turismo-helmuga gisa, bere irudia azkar berreskuratuko du; eta Espainiaren barruan, Euskadik ere bai". Perezek dioenez, euskaldunok izan gaitezke "gure herriaren enbaxadore onenak; daukagun guztia ezagutzea besterik ez dugu behar".
Hurbileko merkataritzaren alde
Kontsumo sailburuak azaldu du hurbileko merkataritza balioan jartzeko kanpainak abiatuko dituzte. "COVID-19 gaitzak erakutsi digu zein ondorio duen merkataritzarik gabeko kaleak izateak. Hiri hutsak dira, nortasunik, bizitzarik eta harreman sozialik gabeak". Kontsumitzaileon erantzukizunaz ere aritu da Perez: "Gertuko saltokietan erostean, atzean pertsonak daude, kalitatea handiagoko enplegua, profesionalizazioa, espezializazioa. Erostean, ez diogu soilik prezioari begiratu behar. Gure erosketa-hautuekin, nahi dugun gizarte eredua eraikitzen dugu".
Alarma-egoeran, ordea, online komertzioak hartu du indarra, Eduardo Azumendi kazetariak gogorarazi duenez. Horren ildora, Perezek adierazi du online salmentak ez zirela eten jarduera-ekonomikoa ez zelako are gehiago geratu nahi. "Merkataritza txikiak helarazi dizkigun kezkak ulertzen ditut, eta horregatik bultzatu ditugu kontsumitzailearen erantzunkizuna nabarmentzen duten kanpainak: beharrezkoa soilik erosi, oinarrizko produktuak".