argia.eus
INPRIMATU
UBS bankuak Credit Suisse erosi du 3.000 milioi euroren truke
  • Asteburuan Credit Suisse bankuaren porrotari konponbidea aurkitzen ibili dira Suitzako agintariak eta bankuetako arduradunak. Suitzako Federazioko presidente Alain Bersetek adierazi duenez, "ezegonkortasun eta mesfidantza egoera" dela eta bankua saltzeko erabakia hartu dute. Credit Suisseko lehendakari Axel Lehmannek berretsi du hartutako erabakia "onena" dela.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 20a
Suitzako Federazioko presidente Alain Berset, Thomas J-Jordan Suitzako Banku Nazionaleko burua, eta Finantza ministro Karin Keller-Sutter igandeko prentsaurrekoan.

UBS bankuak Credit Suisse banku suitzarra 3.000 milioi euro baino gehiagorengatik erosi duela jakinarazi du igandean Suitzako Federazioko presidente Alain Bersetek. Asteburu osoan zehar Suitzako agintariak eta bankuetako arduradunak Credit Suisse bankuaren porrotari konponbidea aurkitzeko lanean aritu dira.

Bersetek prentsaurrekoan adierazi duenez, Suitzako Gobernuak, Suitzako Banku Nazionalak eta Suitzako Finantza Merkatuak Gainbegiratzeko Agintaritzak (FINMA) erabaki dute ezegonkortasun egoera eta erakundearekiko konfiantza falta direla eta "UBSk Credit Suisse erosten laguntzea", EFE berri agentziak jakinarazi duenez. "Erabaki hori hartu izan ez banu, aurreikusi ezin ziren ondorioak izan zitzakeen nazioarteko finantza sisteman", esan du Suitzako Federazioko Presidenteak.

Keller-Sutter ministroak Credit Suisseren porrotak "ondorio konponezinak" izango zituela adierazi du, ez bakarrik Suitzarentzat, baita munduko gainerako bankuentzat ere. Era berean, Credit Suisseko lehendakari Axel Lehmannek berretsi du "aparteko eta aurrekaririk gabeko" egoera dela eta, hartutako erabakia emaitzarik "onena" dela.

Credit Suisse Suitzako bigarren bankurik handiena da. Baina pasa den ostiralean Silicon Valley Banken porrotaren ondoren, bere burtsa balioaren %30 baino gehiago galdu du.