Eusko Jaurlaritzak VTC ibilgailuen sektoreari galga jarri dien arren, Uber enpresak kudeatutako etxez etxeko janari-aplikazioak ez du inolako eragozpenik aurkitu Bilbon.
Hemendik aurrera, Uber Eats-en banatzaileek euren motxilak paseatuko dituzte hirian zehar, dagoeneko antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten Glovo edo Deliveroo bezalako aplikazioen banatzaileek bezala. Dagoeneko 120 jatetxetara egin daiteke eskaria multinazional horren aplikazioaren bidez.
Uber enpresaren barruan, janari-banaketaren adarrak negozioaren %16 hartzen du dagoeneko, eta 36 herrialdetako 350 hiritan dago kokatuta. Zifrak etengabe hazten ari dira gainera. Baita sektore horretan lan egiten duten banatzaileen egoera prekarioa ere –Espainiako Estatuan, banatzaileok autonomo gisa lan egin izan dute, Gizarte Segurantzaren kostu guztiak beren gain hartuz; gai hori auzitara eraman zuen langile batek eta epaiketa irabazi–.
Uber Eats-ek ez du zehaztu momentuz zenbat langile dituen Bilbon. “Ez dugu banatzaileen kopurua ematen, askotan zenbaki zehatza ez delako oso esanguratsua. Bada egunean ordu batzuk bakarrik konektatzen den jendea eta eguna beste lan mota batekin osatzen duena, baita beste plataforma batzuekin ere”, adierazi dio Deia egunkariari Manel Pujolek, Uber Eats-en Espainiako dibisioko zuzendari nagusiak.
Banatzaile horien estatusa beste plataformetan bezalakoa da Uber Eats-en ere, Pujolek adierazitakoaren arabera: banatzaileekin “kolaboratzen” dutela esan dio Deiari, “ez dira gure langileak”. Esplikatu duenez, langileak “konektatu daitezke egun batez bakarrik, arratsaldez banaketa batzuk egin nahi dituztelako. Inork ez die eskatuko non dauden edo noiz konektatzen diren azaltzeko”.