Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bilduta dauden sndikatuek (ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta Etxalde) urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deialdia erregistratu dute Bilbon eta Iruñean. Egun horretan "jauzi bat" emateko asmoa agertu dute.
Bada denbora bat urtarrilaren 30eko eguna gorriz markaturik dutela eragile sozial, sindikatu, alderdi eta herritar ugarik. Baina ofizialki gaur erregistratu dute Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren Bilboko eta Iruñeko egoitzetan greba orokorraren deialdia, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bilduta dauden sindikatuek.
Aldarrikapen plataforma zehatz bat aurkeztu dute "herritarren beharrei zuzenean erantzuten dietenak". Besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta KPIaren arabera birbalorizatzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lan erreformei eta prekarizazioari aurre egiteko neurriak, soldata arrakalarekin amaitzea, edo DSBE eta etxebizitzarekin zerikusia duten eskakizunak daude taula horretan.
"Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ezin dira ezkutatu –azaldu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak–, egoera iraultzeko tresnak eta baliabideak izan badituztelako. Gure eginbeharra presioa egitea da, grebaren erregistro honetan publiko egin ditugun aldarrikapen hauek bete daitezen estutzea".
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustetan ere, "ofentsibara igarotzeko" greba izango da datorrena, "bizitza duina" izateko. Zentzu horretan, LABek gogorarazi du urtea hasi eta bederatzi egunetan sei langile hil direla prekarietate baldintzen ondorioz: “XXI. mendean gaude eta gaur egun lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du gehiegitan".
Confederacion Intersindical Galega ere grebaren alde
Oñati, Leioa, Aiaraldea, Portugalete, Lea-Artibai... Auzo, herri eta eskualde ugaritan jadanik martxan dira greba batzordeak, U30eko egunari begira eta horren aurretik zer ekintza eta protesta mota egin erabaki eta antolatzeko. ELA sindikatuak ere, jakinarazi duenez, eskualde asanbladak deituko ditu ostegun eta ostiralean, hemendik aurrera egin beharrekoa aztertzeko.
Bien bitartean, etengabe ari dira eragile eta erakunde ugari greba orokorrera atxikitzen. Azkena Confederacion Intersindical Galega izan da, Galiziako sindikatu nagusienak babesa erakutsi dio urtarrilaren 30eko protestari.