argia.eus
INPRIMATU
U-1: Giltzarrapoa hausten
  • Espainiar alderdi nagusiek “Konstituzioaren aurkako kolpe” bezala kalifikatu dute erreferenduma. Ziurrenik, haiek eta erreferenduma bultzatu duten Kataluniako eragile sozial eta politikoak bat datozen gauza bakarra da hori. Zentzu bikoitza duen irakurketa, zeinak nabarmendu egiten dituen deialdiak azaleratutako dimentsio historikoa eta urriaren 1ean gertatutakoak. 844 lagun zaurituak eta dozenaka eskola erabat zigilatuak. Ez da deus gehiago esan beharrik.

Àlex Romaguera @AlexRomaguera 2017ko urriaren 02a

Ikusteke dago zein ibilbide izango duen baina, gutxienez, urriaren 1ak larru-gorritan utzi ditu sable frankisten zarataren pean eraikitako erregimenaren egitura-akatsak. Atzo, hautestontzietan sartutako boto-paper bakoitzak gobernantza sistemaren flotazio-lerroa kolpatu zuen; sistema horrek, duela 40 urte, askatasun osoa eman zion elite batzuen pribilejioari, Estatua osatzen duten norbanako eta nazioen oinarrizko eskubideen kaltetan.

Milioika katalanek atzo erakutsi zuten duintasunaren eta Madrilek agindutako errepresio polizialaren arteko kontrasteak, konponbide zaileko arrakala islatzen du: batetik, baimenik eskatu gabe askatasuna lortu nahi duen gehiengo ahaldundua; bestetik, maldan behera doan erregimena, barru-barruraino usteldurik dagoena eta proiektu barneratzaile eta demokratikoa eskaintzeko gai ez dena.

Kataluniar auziak 78ko giltzarrapoa apurtu lezake. Hala irudikatu da, bere bultzada emantzipatzailea kontuan hartuz, zeinak gainerako herri eta herri-klaseak eramango lituzkeen “gauzen egoera” aldatuko duten ziklo konstituziogileak bultzatzea. Baina gaur egungo testuinguruak errealitate oso desberdina irudikatzen du.

Podemos, mareak eta M-15aren gainerako oinordekoak, lekukoa har lezaketen horiek, ez daude PSOEri sorpassoa ezkerretik egiteko moduan. Aitzitik: espazio horrek joera du hirugarren aktore bihurtzeko bi alderdiko sistemaren aurrean, zeinak, bere akordioekin, helburutzat soilik duen status quoa mantentzea, koma bakarra aldatu gabe lurralde-batasunaren printzipioari eta Troikak markatutako doktrinei.

Horrela ba, guztiak adierazten du urriaren 1ak politikoki errubrikatzen duela Kataluniak 2010ean hasi zuen deskonexioa, Estatut-a lurperatu zuen epaiaren kausaz. Baina ez hori bakarrik: guztia birplanteatzeko Errepublika independentea eraiki nahi duen herriaren borondatea indartzen du. Dinamika horrek, zeinak astearteko greba orokorrak segida emango dion, ilusioa pizten duen zirkulu demokratizatzaile batek indartzen du. Eta formula hori, bidaia-lagun berriak egin zain, irabazle da.