argia.eus
INPRIMATU
Txurruka militar mutrikuarrari kalea kenduko diote Mallorcako Palman
  • Mutrikuko udaletxearen aurrean estatua duen eta Euskal Herriko herri askotako espazio publikoan presente den Cosme Damian Txurruka militarrak kale bat gutxiago izango du aurrerantzean. Mallorcako Palmako udalak berea eta beste hamaika pertsonei frankismo garaian eskainitako kale izenak aldatuko ditu. Eztabaida piztu du eta militarraren defentsa Mutrikuraino heldu da.

Axier Lopez @axierL 2021eko martxoaren 26a
Mutrikuko udaletxe eta elizaren aurrean Txurrukari eskainitako estatua. Argazkia: Turismo Saila

Palmako Udalak "frankismoarekiko lotura izateagatik" hamabi kaleren izena kentzea erabaki du.  Udalak 1936ko Gerraren eta diktadura frankistaren biktimen Oroimenaren eta Aitorpen Demokratikoaren Legean babestu du bere erabakia. Alkatearen arabera, kaleak berriz bataiatuko dituzte, auzoen izenei homogeneotasuna emateko, hiriaren historia berreskuratzeko, emakumeak aldarrikatzeko eta toponimia tradizionala berreskuratzeko.

Ezabatuko diren nomenklaturen artean, XVIII. eta XIX. mendeetan Espainiako Inperioaren zerbitzura borrokatu ziren hiru militar sartu izanak eragin du polemikak. Pascual Cervera –Kubako independentisten aurka Espainiaren alde aritutakoa– eta Federico Gravina eta Cosme Damian Txurruka mutrikuarra, XVIII. mendeko Espainiako Itsas armadaren izen ezagun eta heroi nazionalak. Biak 1805eko Trafalgargo guduan aritu ziren Espainiako Inperioaren defentsan.

Hiru militar hauei frankismo betean 1942an kale bana eskaini zieten Palman eta udalaren argudioa da frankismoaren aldeko gerra-itsasontzien izenak izatea. Halere, historialari batzuek azpimarratu dutenaren arabera, 1936ko Gerran errepublikarren ontzidiko parte ziren, eta ez frankisten aldekoak. Edonola ere, udalaren erabakiak polemika eragin du eta espainiar nazionalismoaren eta haren inguruko hedabideak aho batez azaldu dira Txurruka eta beste bi militarren defentsan. Erabateko laudorioak eskaini dizkiete Trafalgargo guduaren eta Espainiako Itsas Armadaren "bi heroi nazionalei".

Euskal Herrian ere laudorioak

Mutrikuko Udaleko Turismo sailak idazkia plazaratu du Txurrukaren alde eginez. "Mutrikun jaiotako nabigatzaile handi, kartografo ezagun, marinel ilustratua, pertsonaia bikain eta ikonikoa" dela dio turismo sailak, Txurrukaren inguruan antolatutako turismo jardueren berri ematearekin batera.

Kale, plaza eta estatuak inperioaren krisian

Kosme Damian Txurruka Espainiako Itsas Armadako kide loriatsu bat izan zen XVIII. mendean, eta besteak beste, Espainiako kolonien defentsan aritu zen munduan barrena. Espainiako Armada eta Monarkiaren zerbitzura urte luzez aritu zen, harik eta Trafalgargo guduan hil zuten arte. Tartean, aldi batez Mutrikuko alkate izan zen. 1805ean kanoikada batez hil zuten Trafalgargo gudan.

Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan barrena kale eta plaza ugarik daramate haren izena, eta horien artean ikusgarriena da espainiar militarrari Mutrikuko udaletxearen pare-parean eskainitako estatua: 1865etik han dago. Espainiaren zerbitzura aritutako militar, konkistatzaile eta elizgizonen estatua asko garai hartan jarritakoak dira Euskal Herrian, koloniak bata batearen atzetik galdu eta Espainiako Inperioa, eta nazionalismoa bera, krisi betean zela.