argia.eus
INPRIMATU
Artxibatu egin dute txupinazoko ikurrinaren harira Bilduko zinegotziaren aurkako auzia
  • Patrizia Perales Iruñeko Bilduko zinegotziaren kontrako akusazioa baliogabetu du epaileak, 2013ko txupinazoan “arrantzale bizardunek” zintzilikatu zuten ikurrina erraldoiarekin zerikusirik izan ez zuela ebatzita.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 17a

Epailearen arabera, ez dago zantzurik Peralesek uztailaren 6ko ekintzan parte hartu zuela frogatzeko eta inolako kargurik gabe artxibatu du kasua.

UPNk mozioa aurkeztu zuen Udaleko Osoko Bilkuran, PSN eta PPNren babesarekin, Bilduko zinegotziak txupinazoko ikurrina erraldoiaren harira azalpenak eman zitzan, gertaera hura iruindarrentzat “irain larria” izan zela argudiatuta. Urrian epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen zinegotziak “desordena publikoengatik”, baina ez zioten deliturik egotzi.

Ekimen horretan parte hartzea leporatuta sei lagun atxilotu zituen Poliziak urriaren 15ean, eta epailearen aurretik pasa ostean erresalbuzko neurrien pean libre utzi zituzten. Hala ere, auziperatuek hilero pasa behar dute epaitegitik.