argia.eus
INPRIMATU
Txupinazoarekin emandako irudiak kezkatzen du Iruñeko alkatea, ez sexu erasoek
  • Aurtengo Sanferminetan jazotakoak baloratzeko prentsa agerraldia egin du Enrique Maia Iruñeko alkateak. Hainbat emakumek jasandako sexu ukituen karietara galdetu diotenean, sexu erasoak Sanferminekin lotzea "negargarria" dela adierazi du, baita hedabideek argazki horiek “gehiago saltzen dutelako” erabiltzen dituztela ere. Bere hitzetan, hori ez da “sanferminetako  benetako irudia”, salbuespena baizik.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 16a
2013ko txupinazoko argazkia 2013ko txupinazoko argazkia

Edurne Elizondo Berriako kazetariak salatu duenez, alkateari sexu erasoen inguruan galdetu dionean, beste hedabide batzuetako kazetariek erantzun dute ez zela erasorik izan. Maiak eraso hitza ekidin nahi izan du, eta ez du horiei aurre egiteko neurri jakinik iragarri.

Alkatearen arabera, sexu erasoak direla-eta zazpi salaketa jarri dituzte aurtengo jaietan, baina “gehienak familian gertatu dira, ez bestan”. Dioenez, “ez da bortxaketarik izan”.

Espainiako Gobernuak “emakumeen aurkako jazarpena” salatu duen arren, PPNk ere ez du erasoen aipamenik egin jaiak baloratuz zabaldu duen prentsa-oharrean.

Gertaera negatiboak

Sanferminetan jazotako gertaeren artean, hiru jo ditu negatibotzat Maiak: txupinazoa “boikotatu” zuen ikurrina, prozesioaren egunean udalbatzako kideek jasandako txistuak eta larunbateko entzierroko jende metaketa. Alkateak ez ditu sexu erasoak gertaera negatiboen multzoan sartu.