argia.eus
INPRIMATU
Txupinazoan bandera eta oihal handiak zabaltzea debekatu du Iruñeko alkateak bando bidez
  • Uztailaren 6ko eguerdian, Sanferminetako festetan Iruñeko Udaletxe Plazara ezin izango dira tamaina handiko banderak eta oihalak sartu, Enrique Maia Navarra Sumako alkateak bando bidez agindu duenez.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 27a
Iaz bederatzi bandera eta oihal handi zabaldu ziren arazo eta liskarrik gabe, mezu politiko eta sozialekin (arg: Iruñeko Udala)

"Arrisku egoerak saihesteko" argudioarekin, Iruñeko udal gobernu berriak neurri esanguratsua abiatu du aurtengo Sanfermin festetan. Txupinazoa ospatuko den tokietan, Udaletxe Plazan eta Gaztelu Plazan, debekatu egin du "pertsona asko estali dezaketen tamaina handiko banderak eta oihalak zabaltzea". Maiaren aginduak dio "nahi gabeko masa mugimenduak eta zeharkako nahiz zuzeneko kalteak saihestu" nahi dituztela horrela.

Bandoak debekatzen du plazara sartzea makilak, beirazko ontziak edo edari latak, eta horiei guztiei gehitu die oraingoan banderak edo bestelako ikurrak daramatzaten oihalak ere sartzea. Propagandarako ikusi ohi diren objektu handiez ez du aipamenik egiten ordea.

"Bistan da debekuak segurtasunarekin ez ezik baduela eraginik adierazpen askatasunean", dio Euskalerria Irratiak bere webgunean. Denbora luzez ikurrinak eta aldarrikapen mezuak zeramatzaten oihalak debekatuta izan dira Iruñeko festen hasieran eta horrek gatazka eta haserrea sortzen zuen iruindar askoren artean. Azken lau urteetan baina, EH Bilduk alkatetza lortuta, Sanfermin hasiera koloretsua nagusitu da, mezu politiko eta sozialen zentsurirarik gabe. Iaz, bederatzi bandera –ikurrina, Nafarroakoa...– eta mezu zeramatzaten oihalak zabaldu zituzten arazo eta liskarrik gabe.

Eraso sexisten kontra

Bestaldetik, bandoak eraso sexisten kontra duela bi urte hasitako estrategiari eusten dio. Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske! lemari babesa eman dio eta halako jarrerak pertsegitzeko konpromisoa berretsi du udal korporazioak; era berean, herritarrak gonbidatu ditu izaera sexista duen edozein erasoren aurrean emakumea "lagundu" eta erasotzailea "isolatzera". Txapa eta kamiseta sexistak debekatuta daudela gogorarazi du bandoan Iruñeko Udalak.