argia.eus
INPRIMATU
“Txosnetan betiko musika jartzeak ez du laguntzen”
  • Donostia Kulturaren Adarra saria jasoko du gaur Fermin Muguruzak. “Ea mende hasierako despiste orokor hau, perspektiba falta hau behingoz apurtzen dugun –esan zion Argiari–. Eta bitartean, kontzertu erraldoiek, barra erraldoiek, txosnetan betiko musika jartzeak ez du batere laguntzen. Niretzat aspaldi bukatu zen hori”.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 21
Argazkia: Dani Blanco.

Elkarrizketan, gauza berriak egiteko nahia aldarrikatu zuen Muguruzak; izan ere, “mundua etengabe ari da mugitzen. Bultzadarik gabe ez dago talde gazte erakargarririk aurkitzerik. 80ko hamarkadako taldeak elkartu nahi izateak asma psikosomatikoa eragiten dit. Nostalgia atzerakoia iruditzen zait. Iraultzaileak bagara, berritzaileak bagara, ez gaitezen musikarekin atzerakoiak izan. Eta ez naiz Euskal Herriaz bakarrik ari, mundu osoko fenomenoaz ari naiz”.

Musikari bezala bakarrik ez, zinegile bezala ere aritzen den irundarra kritiko mintzatu da beti. “Baikor suizida deitu nion neure buruari behin, eta ezkor aktibo, eszeptizismoaren kontrako terapia gisa. Postmodernismo dosi batzuk ondo datoz noizean behin, distantzia hartu eta denari barre egitea, baina ariketa errazegia egiten zait erreferente ezkertiar sendorik ez dagoenean. Hala ere, lagun batek esan zidan bezala, sozialismoaren gidoia hor dago, gertatzen dena da errealizadoreak oso txarrak izan zirela. Eta horri heldu beharko diogu berriro, autogestioa bultzatuko duen komunismoan saioak eginez... Jakina, tokian tokiko kultura errespetatuz, lehen egindako akats izugarri horietatik ikasiz. Giza aurpegiko komunismoa, edota XXI. mendeko sozialismoa”.

“Diskurtso guztien berritzea aldarrikatzen dut”

“Diskurtso guztien berritzea aldarrikatzen dut eta erne nago feminismoaren gaineko teoriei dagokienez ere”. Auzolanerako beharra ere azpimarratu zigun, beste elkarrizketa batean: “Oraindik shockpean gaude zenbait herrialdetan, oso gogorra izan delako globalizazioaren kolpea, eta herrestan eraman gaitu. Komunikazio aldetik sekulako hutsuneak daude, birtualki 5.000 lagun dituzula iruditu arren harreman eta elkartasun aldetik asko galdu delako. Hemen daukagun sindikatu nagusia da nire ipurdia eta ni. Bide berriak jorratu behar ditugu”.

Hain juxtu, bide berriak urratzeko duen gaitasuna nabarmendu du saria erabaki duen epaimahaiak, baita estilo ezberdinak jorratzeko eta publiko gaztearengana iristeko duena ere. “Fermin Muguruzak beste inork ez bezala erakutsi du beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara”.