Urtea hasi zenetik 64 espediente ireki ditu Arabako Aldundiak fakturazio sistema hori ez erabiltzea leporatuta, tartean, "txosna batzuen" aurkakoak. Gasteizko Txosnen Batzordeak abuztuko jaien aurretik iragarri zuen uko egiten ziola Ticket Bai ezartzeari eta Aldundiak isunak jartzeko mehatxu egin zien.
Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi du aldundiak 64 enpresa edo norbanakoren aurkako espedienteak ireki dituela urtea hasi zenetik gaur arte. Helegiteak aurkezteko epea zabalik dago, azaldu duenez, baina ez du zehaztu noiz ezagutuko diren azken ebazpenak. Gonzálezek ez du zehaztu zenbat eta zeintzuk diren espedientatutako txosnak, eta ñabartu du txosnen kontzeptua bera “nahiko zabala” dela. Zigortua izanez gero, legeak irabazien %20ko isuna aurreikusten du, edo, gutxienez, 20.000 euroko isuna.
Gasteizko Txosnen Batzordeak iragan uztailean salatu zuen txosnak "arriskuan" zeudela aldundiak Ticket Bai sistema inposatu nahi zielako, eta elkarrizketarako deia egin zuen. Akordiorik gabe, azkenean txosnak jartzea erabaki zuen batzordeak, baina Ticket Bai ezarri gabe. Gónzalez ahaldun nagusiak adierazi zuen txosnek beste edozein negozioren gisan bete beharko zuela legea, eta txosnetan ikuskatzaileak izango zirela. Batzordeak iritzi dio Ticket Bai sistematik "salbuetsita" egon behar dutela txosnek, duten "izaeragatik".
"Gure jarduna irabazi asmorik gabekoa da eta itzulpen soziala du. jai herrikoiak eta autogestionatuak antolatzen ditugu, parte-hartzaileak eta irekiak jendarte guztiarentzako. Hemen ez dago dirua irabazten duen pertsonarik, egiten dugun lan guztia boluntarioa da. Gasteizko herritarrei ekarpena egin nahi diegulako egiten dugu hau, borondatez. Horregatik, ez dugu ulertzen (eta ez du inork ulertzen) enpresa pribatuarekin parekatzea TicketBai-a exijitzerakoan. Guk auzolana dugu oinarri, ez dirua irabaztea", azaldu zuten txosnek Gasteizko jaien aurretik. "Erasoa" Euskal Herri osoko herri mugimenduaren aurkakoa dela salatu eta erantzuteko beharra aldarrikatu zuten.