argia.eus
INPRIMATU
Txosnak jarriko dituzte Gasteizko jaietan, aldundiaren “borondate ezaren gainetik”
  • Arabako Aldundiak TicketBai sistema ezartzea exijitzen die txosnei, eta uko egiten dio Gasteizko Txosnen Batzordeak. Hala ere, jaietan txosnak jarriko dituztela ziurtatu du batzordeak. “Erasoa” Euskal Herriko jai herrikoi eta herri eragile guztien aurkakoa dela ohartarazi du. Jai herrikoien alde eta aldundiaren asmoen kontra mobilizazioa deitu du abuztuaren 3rako, jaien hasieraren bezperan.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko uztailaren 29a
Argazkia: Gasteizko Txosna Batzordea

“Azken agerraldian azaldu bezala, jai herrikoiak, dugun izaeragatik, Tiket Baiaren aplikaziotik salbuetsita egon behar garela uste dugu” dio Gasteizko Txosna Batzordeak ostiralean zabaldu zuen prentsa oharraren lehen esaldiak. Oharrak izenburu argigarria du: “Jai herrikoien defentsan, aurten ere txosnak jarriko ditugu”. Aurretik, uztailaren 17an, txosnagunea "arriskuan" zegoela salatu zuen batzordeak, aldundiak TicketBAI ezartzera derrigortu nahi dituelako.

“Gure jarduna irabazi asmorik gabekoa da eta itzulpen soziala du. jai herrikoiak eta autogestionatuak antolatzen ditugu, parte hartzaileak eta irekiak jendarte guztiarentzako. Hemen ez dago dirua irabazten duen pertsonarik, egiten dugun lan guztia boluntarioa da. Gasteizko herritarrei ekarpena egin nahi diegulako egiten dugu hau, borondatez. Horregatik, ez dugu ulertzen (eta ez du inork ulertzen) enpresa pribatuarekin parekatzea TicketBaia exijitzerakoan. Guk auzolana dugu oinarri, ez dirua irabaztea”, argudiatu dute txosnek TicketBai aplikazioa ez onartzeko hartu duten erabakia. Txosnaguneak Gasteizko jaiei “berebiziko” ekarpen kulturala egiten diotela nabarmendu du batzordeak, ez dagoela irudikatzerik “txosnagune gabeko jairik” 43 urteko presentzia jarraituaren ostean, urtez urte “milaka” herritarrek gozatzen dutela espazioa, eta “ehunka” direla antolaketan parte hartzen dutenak.

Herri mugimenduaren defentsa Gasteiztik harago

“Herri mugimenduaren defentsa” egiteko konpromisoa azaldu du batzordeak, “erasoen” gainetik (“exijentzia ez egingarriak, traba burokratiko edo ekonomikoak”), jai herrikoien antolaketari eutsiz, “batzuei gustatu ala ez”. TicketBai aplikazioa inposatzeko nahia dela eta, Aldundia “arduragabekeriaz” jokatu duela salatu du: “ Ez liokete trabarik jarri beharko txosnen jardunari, kasu honetan, zerga normalizazioak eta iruzurraren aurkako lana aitzakia gisa erabiliz”.

“Erasoa” Gasteiztik eta txosnetatik harago doala uste du Gasteizko Txosnen Batzordeak, eta horren aurka “aktibatu” beharra nabarmendu du: “Euskal Herriko jai herrikoiak antolatzen dituzten edota bestelako irabazi asmorik gabeko ekintzak egiten dituzten eragile eta mugimenduei eragingo diela salatu nahi dugu. jai herrikoien kontra bideratutako erasoak hartzen duen dimentsioa ikusirik, ezin da gehiago luzatu honen kontra aktibatzea”.

Txosnak jarri eta mobilizatu

“Beraz, txosnak jarriko ditugu abuztuaren 3tik 9ra, eta antolatutako egitaraua aurrera eramango dugu, Aldundiaren orain arteko borondate ezaren gainetik”, azaldu du batzordeak oharraren azken puntuan. Horrekin batera, txosnen irekiera egunean eta jaien hasiera ofizialaren bezperan mobilizazioa iragarri du, eta bertaratzera deitu ditu “eraso honen kontrako borroka bere egiten duen pertsona eta kolektibo oro”. Aste honetan emango dituzte mobilizazioaren inguruko zehaztapenak.