argia.eus
INPRIMATU
Txorrotako ur gehiena plastikoz kutsatuta dago ikerketa batek erakutsi duenez
  • Hainbat herrialdetan egindako ikerketa batek plastiko partikulak atzeman ditu txorrotako uretan. Batez beste, mikroplastikoak aurkitu dituzte aztertutako laginen %83tan. Partikula horiek gure osasunean duten ondorioez ikertu beharra azpimarratu dute zientzialariek.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 06a
Europan hartutako txorrotako ur laginen %72tan agertu dira plastiko zatiak. Munduko batez bestekoa %83koa izan da. (Arg.: Dani Blanco)

Orb Media webgunearen eskariz egin dute azterketa Minnesotako Unibertsitateko ikerlariek, mundu osoan hartutako 159 lagin aztertuz. Kutsadura ratio handiena AEBetan neurtu dute: %94. Txikiena, berriz, Europan, baina handia hala ere: %72. Orain arte, ozeanoetan pilatutako plastikoak eragin du kezkarik handiena, baina ikerketa honek, aurretik egindako beste batzuekin batera, iradokitzen du nonahi dagoela kutsadura mota hori.

“Plastikoak animaliengan duen inpaktuari buruzko datu nahikoa dugu kezkatuta egoteko”, adierazi du Sherri Mason ikerketaren koordinatzaileetako batek; “basa faunan eragina badu, gugan ere izango duela pentsatu beharko genuke”.  

Ekainean Irlandan egindako antzeko ikerketa baten zuzendariak, Anne Marie Mahonek, ahalegin berezia eskatu du txorrotako urarekin batera irensten dugun mikroplastikoen eragina aztertzeko. “Bi kezka nagusi ditugu: oso partikula txikiak eta haiek beren barnean gorde ditzaketen substantzia kimiko kaltegarriak eta patogenoak”. Mahonen esanetan, baliteke zenbait partikula nanoeskalakoak izatea –orain arte egindako ikerketetan atzemateko txikiegiak–, eta beraz zeluletaraino sartu ahal izatea. “Hori oso kezkagarria lizateke”.

Bestalde, Orb Mediaren eskariz egindako ikerketak mikroplastiko zantzuak aurkitu ditu aztertutako ur botilen portzentaje txiki batean.

Aire bidez ere bai

Oraindik orain hasi gara mikroplastiko bidezko kutsaduraren neurria norainokoa den ulertzen. Ikerketaren berri emateko The Guardian egunkari ingelesak argitaratutako artikuluak aipatzen duenez, 2015ean Parisen egindako ikerketa batek mikroplastiko kopuru esanguratsuak aurkitu zituen airean. Arnasteak eragin lezake substantzia toxikoak biriken beheko aldera eta hortik odol zirkulaziora iristea. “Premiazkoa da mikroplastikoak gure gorputzean sartzeak osasunerako arriskurik dakarren ebazteko ikertzea”, esan dio The Guardian-i Frank Kelly ingurumen-osasun irakasleak, txorrotako uretan atzemandako plastikoaz galdetuta.