argia.eus
INPRIMATU
Txitxardin beltzak
  • Ez digute esan Aginagakoak ziren txitxardinak, o sea angulak, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko nagusiek Ahaldun nagusia buru zutela Inbertsioetarako Europako Bankuaren hiru goi kargurekin bazkaldu zituztenak Donostialdeko restaurant batean, ospatzeko goiz hartan lotua zutela hondakin giputzek behar ei zuten errauskailuarentzako finantziazioa. Angulak codium izeneko zera exotikoarekin eta gehiago ere bai, hala nola Garak erakutsi menuaren fakturak euskal sukaldaritza berriaren trending topic bihurtu zuen “Huevo con temblor de tierra” galaktikoa, euskaraz “Arrautzikarak” aidanean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko otsailaren 12a

Usurbil eta Aginagako jendeentzat oturuntzaren albisteak baditu bi xehetasun berezi, sinbolikoa bata, iraingarria bestea. Sinboloa: angula da gure artean mundua agortezina ez dela erakutsi duten espezieetako bat. Izan zitekeen bisigua. Energiaren multinazionalek hondakinak etekin pribatu bihurtzeko asmatu labearen kontratua sinatzeko mahaian, biktima ospakizun.

Datan datza iraina: 2011ko otsailaren 3an egin zuten banketea. Ordurako Usurbilek ia bi urte zeramatzan erakusten hondakinak kiskali beharrik ez dagoela, badela modu hoberik horiek kudeatzeko. Labe berria zelebratzeko angulak jatea bazen Oria bazterreko herritarrari muturrera burla egiteko modua ere. Alferrik ari haiz, akabatu hadi… nik berdin-berdin erreko dizkiat gipuzkoarren 500 milioi berri, gainera hire leiho aurrean.

Oharra: Artikulu hau Pello Zubiriaren Xehe blogetik hartua da.