argia.eus
INPRIMATU
Txistuak Tafallako alkateari euskaraz hitz egiteagatik
  • Tafallako Arturo Goldarazena alkatea (EH Bildu) txistu eta oihu artean hartu dute Nafarroako auroroen topaketetako hasiera ekitaldian. Goldarazenak euskaraz hitz egitean zabaldu dira publikoan protesta keinuak.

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 20a
Arturo Godarazena alkateak euskaraz hitz egitean zabaldu dira publikoan protesta keinuak (argazkia: info7)

Toki ugaritako abesbatzak elkartu dira asteburuan Tafallan. Nafarroako enparantzan egin dute ekimenaren hasiera ekitaldia, eta bertan hartu du parte alkateak. Auroroen zati batek ez dio, ordea, harrera oso ona egin. Ekitaldiaren aurkezleak isiltzeko agindu behar izan dio publikoari, errespetuz jokatzeko eskatuz.

Ez da euskaraz egiteagatik alkatea arbuiatu duten lehen aldia. Joseba Asiron Iruñeko alkateak txistuak jaso zituen “gaixoa ni” Sanferminen amaierako ekitaldian. Kasu hartan ere euskaraz hitz egitean hasi zitzaion txistuka publikoaren zati bat Asironi.