argia.eus
INPRIMATU
Txistu egin diote Europar Batasuneko himnoari Danborradaren hasieran
  • Donostia Europako Kultur Hiriburua izango da aurten eta izendapen horrekin lotutako ekitaldiei hasiera emateko, San Sebastian egunean Europar Batasuneko himnoa ere jo zuten Konstituzio plazan. Han bildutako herritarrek txistuka erantzun zioten.

ARGIA @argia 2016ko urtarrilaren 20a
Europako bandera ere jaso zuten 19tik 20rako gauerdian Konstituzio plazan. EBko ereserkiak han bildutakoen protesta eragin zuen.

Bideo honetan ikusi eta entzun daiteke Europar Batasuneko ereserkiaren aurrean plazan bildutakoek izan zuten erreakzioa.

EBrekin mezu kritikoak plazan

Ereserkiak jaso dituen txistuez gain, "Troika go home" zioen pankarta bat ere ikusi zitekeen urtarrilaren 19tik 20rako gauerdian Konstituzio plazan.

Beste hainbat aldarrikapenen lekuko ere izan da San Sebastian egunaren hasiera. Euskal preso politikoen etxeratzea eskatzen duten mezuek leku berezia izan dute.

Azken unean hartutako erabakia

Urtarrilaren hasierara arte ez da argi geratu danborradak ereserki hori jotzeko prest agertuko ziren ala ez.

2015aren hasieran Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendariak iragarri zuen Kultur Hiriburuko bulegoaren asmoa zela danborradek San Sebastian egunaren aurretik perkusio ikuskizun batean parte hartzea hiriburutza inauguratzeko.

Geroztik joan-etorri asko izan ditu gaiak eta danborradek urte honen hasieran onartu zuten Udalak egindako azken proposamena, EBko himnoa jotzea danborrada bakoitzaren borondatearen esku uzten bukatu duena.