argia.eus
INPRIMATU
Txirrinka: azpiegitura suntsitzaileen aurkako bizikleta martxa, maiatzean
  • AHT Gelditu! elkarlanak Txirrinka bizikleta martxarako deia egin du, Hego Euskal Herrian "lurra eta jendartea mehatxatzen dituzten egitasmo suntsitzaileak" salatzeko asmoz. Maiatzaren 20tik 22ra egingo da martxa, Bergaran elkartuko diren lau zutabe batuz. Abiadura handiko trena eta bestelako "proiektu txikitzaileak" baztertu eta horietara bideratutako baliabideak jendartearen onurarako erabil daitezela eskatuko dute.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko martxoaren 15
Donostian aurkeztu dute ekimena (Arg.: Txirrinka).

Lau zutabeak Gasteiztik, Hendaiatik, Iruñetik eta Muskizetik abiatuko dira, eta Bergarako Angiozar auzoan elkartuko dira maiatzaren 22an, Euskal Y-aren lanak egiten ari diren inguruan. Zutabe bakoitzak mezu bat eramango du lekuko batean, eta martxa amaierako ekitaldian irakurriko dituzte guztiak, Bergarako pilotalekuan; bakoitzak bere lurraldeko "erresistentzien bilduma" egingo du, eta denen artean Euskal Herriko proiektu txikitzaileen aurkako borroken mapa osatuko dute. 

AHT Gelditu! elkarlanarekin batera hainbat gizarte esparrutako eragileek jardungo dute ekimena antolatzen.