Hilero, arratsez bizikleta, patin eta patinete gainean ateratzen da herritar talde bat Iruñean, hiriarentzako bestelako mugikortasun eredu baten alde. Musika eta dantza lagun dutela egiten dute protesta, baina isunak eta identifikazioak jaso izan dituzte, kalea hartzeagatik.
Munduko hainbat hiritan errepikatzen den mugimendua gurera ekarri dute Iruñean, eta 2019ko martxotik hilero ateratzen dira kalera, hiritik bizikletan ibiltzea zeinen arriskutsua den salatu eta bestelako hiri-antolamendu bat eskatzeko. Bizikleta tuneatu eta makeatuak, neoizko argiak, musika bozgorailuetatik, dantza eta algara… dira nagusi. “Festa giroan espazio publikoa aldarrikatu eta merkatuaren interesei erantzungo ez dieten sozializazio eremuak sortzea inportantea da”, kontatu dute parte-hartzaileek El Salton.
Auto-gidari batzuen begirada txarrak eta poliziaren isun eta identifikazioak jaso izan dituztela ere azaldu dute, kalea hartzeagatik.
“Politikariak dira hiriak diseinatzen dituztenak, euren interesen arabera, eta hemen euren interesak dira batez ere auto pribatua eta Volkswagen lantegia, Nafarroa erdiari lan ematen diona”, diote El Salton.
Kale seguruak eskatzen dituzte, autoen abiadura mugatzea, errepidea eurena baino ez dela uste duten motordun ibilgailu asko baitago oraindik. Kontzientziazioa falta dela nabarmendu dute.