argia.eus
INPRIMATU
Javi Umaran, Biziz Biziko kidea
“Txirrindulariak ez harrapatzeko gakoa kontzientziazioa da, ez isunak”
  • Geroz eta ugariagoak dira txirrindularien istripuak, autoek harrapatuta. Valentziako harrapaketak eta Ane Santesteban, Chris Froome edo Nicky Hayden profesionalen istripuek mahai gainean jarri dute arazoa. Zergatik harrapatzen dituzten autoek txirrindulariak?

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 18a

2017a urte tragikoa izaten ari da txirrindularientzat. Istripu larriena maiatzaren bostean gertatu zen: edanda zegoen emakume batek sei txirrindulari harrapatu zituen eta hiru hil ziren. Beste asko izan dira, baita txirrindulari profesionalenak ere: Ane Santesteban errenteriarrak istripu larria izan zuen martxoaren 17an eta apirilaren 22an Chris Froomek –Frantziako Tour-aren irabazlea hiru aldiz– istripua izan zuen. Azkena asteazkenean izan zen; auto batek Nicky Hayden moto gidaria harrapatu zuen bizikletan zihoala, eta larri dago.

Biziz Bizi txirrindularien elkarteko kideengana jo dugu, azal diezaguten zeintzuk diren istripu gehiago egotearen arrazoiak eta konponbide posibleak. “Arrazoi nagusia da ziklismoa modan dagoela eta geroz eta bizikleta gehiago daudela, eta auto gidarientzat molestia bat dira”, azaldu du Javi Umaranek.

Kontzientziarik ez dagoenez, auto gidariek ez dituzte neurriak betetzen, Umaranen ustez: “Metro eta erdiko distantzia gorde behar dute eta bidegurutzeetan txirrindulariek duten lehentasuna errespetatu, baina ez dute egiten. Eta horri abiadura eta alkoholaren eraginak gehitzen zaizkio”, azaldu du. Biziz Biziko kidearen ustez, neurri eraginkorra izango litzateke txirrindulari asko dauden errepideetan marra gorri bat margotzea, metro eta erdiko distantzia zehazteko.

Umaranen aburuz, gakoa kontzientziazioan dago, zigorretan baino gehiago. “Egun dauden neurriak errespetatuko balituzkete, nahikoa izango litzateke, neurri gehiago jartzeak ez du ezertarako balio, jendeak ez baditu betetzen”, azaldu du. Horren ordez, jendeari errepidearen arriskuen inguruko informazioa helaraztea funtsezkotzat jo du.

Horretarako, ezinbestekoa da autoritateek ardura hartzea, haren ustez, eta azken ezbeharrak gertatu arte “beste aldera begiratu dutela” dio. “Arazoa betidanik egon da, baina muturreko egoera batera heldu arte ez dute ezer egin”, salatu du. Gertatutakoaren ondorioz pausoak ematea espero duela esan du.