argia.eus
INPRIMATU
Txip erdieroaleen produkzioa bikoizteko plana onartu du Europak, Asiako herrialdeen menpe ez egoteko
  • Europak Asiako erdieroaleen industriarekiko duen menpekotasuna gutxitzeko asmoz Estrasburgoko parlamentariek oniritzia eman diote Chips Act (Txipen Legea) araudiari. Europan txipen produkziorako zentroak sortzeko 43.000 milioi euro inbertitzea aurreikusi dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko uztailaren 12a

Txipak arma geopolitiko bihurtu direla zalantzarik ez da. Telefono mugikorrak, bestelako aparatu elektronikoak, droneak eta armamentuak mugitzeko ezinbestekoak diren gailu txiki horiek Txina eta AEBen arteko gerra hotz berriaren beste fronte bat dira, eta Europa ez dago gerra horretatik aparte.

Astearte honetan Estrasburgon onartu da Chip Act delakoa, erdieroaleen ikerkuntza eta produkzioa handitzeko europar plana, lehendik Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak adosturik zutena. 587 parlamentariok eman diote babesa, soilik 10 azaldu dira kontra eta 28 abstenitu egin dira.

Plan honen arabera, Europar Batasunean erdieroaleen produkzioa bikoiztu nahi da eta munduko merkatuaren %20 izatera iritsi 2030ean –gaur egun apenas dauka %10eko kuota–. Horrela, Asiako herrialdeekiko menpekotasuna gainetik kendu nahi dute EBko agintariek, azken urteetan oso nabarmen geratu dena, batez ere 2020ko COVID-19 pandemiaren ostean sorturiko hornidura-kateen etenarekin.

Txip erdieroale sofistikatuen %90 Taiwanen sortzen da, baina gainerako txipen produkzioaren zati handiena ere Hego Korean eta Txinan dago. Aldiz, Europar Batasunean Herbehereetako ASML enpresa multinazionala bihurtu da giltzarri sektorean, txipak inprimitzeko makinen sortzaile nagusi baita.

"Garai batean ikerkuntzan inbertitu eta produkzioa deslokalizatzen zen. Garai hori amaitu da, gure oinarri industrialerako inbertsio masiboak behar ditugu"
Thierry Breton europar Barne Merkatu komisarioa

Onartu berri den planak aurreikusten du 43.000 milioi euro inbertitzea –diru publiko zein pribatua–, txip erdieroaleak sortzeko lantegiak Europan bertan ezartzeko. "Garai batean ikerkuntzan inbertitu eta produkzioa deslokalizatzen zen. Garai hori amaitu da, gure oinarri industrialerako inbertsio masiboak behar ditugu", adierazi du Thierry Breton europar Barne Merkatu komisarioak legea onartzerakoan, EuroEFE agentziak jaso duenez.

Planak EBko herrialdeen arteko koordinazio eta behaketa neurriak ere jasotzen ditu, batez ere erdieroaleen horniduran arazoak daudenerako.

Azken aldian txip erdieroaleen merkatua kontrolatzeko neurriak hartu dituzte AEBek eta Europar Batasunak, batez ere Txinako erdieroaleen inportazioa mugatzeko. Hala, munduko potentzien arteko lehia handi bat bihurtu dira erdieroaleak.

Berrikitan, Txinak erdieroale horiek sortzeko behar diren galioa, germanioa eta antzeko "lur arraroen" esportazioari murrizketak ezarri dizkio.  Txinako Merkataritza Ministerioaren esanetan "segurtasun nazionala eta bere interesak babesteko", CNNren arabera.