Urtarril amaieratik egon da itxita izurriaren Txinako epizentroa. 10 aste baino gehiago eman dituzte bertakoek etxean giltzapetuta, neurri zorrotzak betetzen. Asteazken honetatik aurrera, etxetik atera ahal izateko Txinako Gobernuak sortutako aplikazio bat izan behar dute mugikorrean, beren historiala kontuan hartuta kutsagarriak diren ala ez neurtzeko.
Birusak atzean utzi du Txina, edo hori diote datuek. Apirilaren 6an ez zen koronabirusak eragindako hildakorik zenbatu herrialdean, eta kutsatuen kopuru berriak huskeria dira lehengoekin alderatuta. Hain zuzen ere, Wuhan zabaltzeko erabakia hirian hiru kutsatu berri soilik agertu ostean etorri da.
Dena den, etxetik atera ahal izateko gobernuak konfinamendu garaian martxan jarritako aplikazio bat beharrezkoa izango da. Aplikazio horrek erabiltzailearen bizilekua, berriki egindako bidaiak eta mediku historialeko datuak izango ditu, eta horren arabera erabakiko du pertsona horrek kutsatzeko arriskua duen ala ez.
Zabalik, baina ez guztiz
Hiria zabaltzearekin batera auto ilarak sortu dira gasolindegietara bidean. Horrez gain, 55.000 lagunek trenez hiritik alde egingo dutela aurreikusi dute adituek. Hala ere, hiria zabaldu bada ere, neurri zorrotzek bere horretan jarraitzen dute. Ahalik eta gehien etxean geratzeko eskatu diete herritarrei, eta eskolek itxita jarraitzen dute.
Apurka apurka bizia bueltatu da hirira; denda gehiago zabaldu dituzte, jendea parkeetara hurbiltzen hasi da, batez ere jende nagusia. Garraio publikoa ere martxan da, oso bidaiari gutxirekin, ordea. Langile batzuk ere itzuli dira lanera.
Krisia, ez ekonomikoa soilik
Txina osoko kasuen bi heren Wuhanen gertatu dira, gogor jo du hiria izurriteak. “Wuhango jendeak lehen pertsonan bizi izan du izurritea. Beren lagunak gaixotu dira, beren lagunak eta horien senideak hil dira. Beren muturren parean, banan-banan, utzi egin gaituzte”, dio Yan Hui Wuhango emakume batek, The New York Timesen.
Hiriko komertzioen %94ak ateak itxi zituen konfinamenduan, eta txinatarren artean ekonomia gorakada bat izango denaren ustea oso zabaldua bada ere, adituak beldur dira kanpo-eskaria asko jaitsiko delako epidemiak iraun bitartean.