argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Txinako Alderdi Komunista eta enpresa pribatu erraldoiak: tolerantziatik lankidetza goxora?
  • Otsailaren 17an Txinako Alderdi Komunistaren arduradun gorenak bildu ziren bertako enpresa pribatu handienen zuzendari nagusiekin. Ez da ohikoa aldi eta areto berberean Huawei, BYD, New Hope, Tencent, SWSC, Yushu, Xiaomi edo DeepSeek bezalako konpainien nagusi gorenak bilduta ikustea.

Mikel Aramendi 2025eko otsailaren 25

Ezin esango da ohikoa dela: aurrekariren bat aurkitzeko, 2018ko azaroaren 1eko sinposiora joan beharko litzateke. Hala ere, formatuaren kidetasunak –agertokitik bertatik hasita: Pekineko Herriaren Areto Handiko Ekialdeko Aretoa– adierazten du berritasuna ere ez litzatekeela egundokoa. Gainera, ekitaldiaren mahai-burutzan ageri direnetako batzuk ere –Xi, Wang Huning, Ding Xuexiang...– duela sei urte baino gehiagoko berberak dira; eta gainerakoak, bitartean egindako XX. Kongresuko ordezkapenen ondoriozkoak. Zergatik orduan zalaparta?

Kontua da pasa den astelehenean Txinako Alderdi Komunistaren arduradun gorenak (Politburoaren Batzorde Iraunkorreko zazpi kideetatik lau zeuden bilkuran) bildu zirela bertako enpresa pribatu handienen zuzendari nagusiekin. Ez da ohikoa aldi eta areto berberean Huawei, BYD, New Hope, Tencent, SWSC, Yushu, Xiaomi edo DeepSeek bezalako konpainien nagusi gorenak bilduta ikustea. Inork ez du egin bildutakoen negozio-zifren guztizko batura, bertan zirenen zerrenda osoa ezagutzen ez delako, besteak beste.

Baina are ezohikoagoa da, beharbada, haietako batzuk bederen hitza hartu eta beren ikuspuntuak azaldu ahal izan zituztela agintari politiko gorenen aurrean. Goxotasun handiko giroan. Alderdiak berezkoa duen erritualismoa eta protokoloa hautsi gabe, noski. Bertan ziren gehien-gehienak (guztiak ez baziren) alderdiko kideak izateari dagokion bezala.

Agerkari ofizialek, eta Xiren hitzaldiak berak, argi adierazten dute bilkuraren xedea zela Txinako enpresa ez-publiko handien konfiantza umotzea, beren inbertsioak eta berrikuntza zientifiko-teknikoak Txinan bertan sustatzen jarrai dezaten. Alderdiarekin eta gobernuarekin lankidetzan, zuzendaritza politikoak darabiltzan ildo nagusiei men eginez, baina beren ekimenen arabera.

Gainera, gogoetarako gorde beharreko bitxitasunak ere jaulki zituen agintari gorenak: “Beharrezkoa da gizarte-erantzukizunak aktiboki betetzea, lan-harreman harmoniatsuak aktiboki eraikitzea, ekologia- eta ingurumen-babesean lan ona egitea, ongizate publikoan eta karitatean parte hartzea geure ahalbideen mailan, eta gizarteari maitasun handiagoa eskaintzea”. Ustelkeria eta halakorik ez zen aipatu, antza.

Haatik, Mendebaldeko agerkari nagusientzat ia aipagai bakarra izan da bilkuran zela Jack Ma, Alibaba holding erraldoiaren sortzailea eta, aspalditxotik haren kudeaketa utzita badago ere, akziodun nagusia. 2020an Ant Group, bere finantza-besoa burtsara eramatea eragotzi ziotenetik, batzuen ustez, zigortuta omen zegoena, bere yatean mundutik barrena zebilen arren.

Ekialdeko Aretoan elkar agurtu eta astebetera, 53 mila milioiko inbertsioa iragarri du Alibabak bere adimen artifizialeko azpiegiturarako.