argia.eus
INPRIMATU
AEBen muga-zerga berriei erantzuten hasi dira Txina, Kanada eta Mexiko
  • Donald Trumpek agindutako muga-zergak indarrean sartu dira: Kanadak eta Mexikok %25ekoak izango dituzte eta Txinak %10ekoa. Kanadak zifra bereko arantzelekin erantzungo du. Mexikok arbuiatu du AEBko Gobernuak esan izana organizazio kriminalekin loturak dituela herrialde horrek. Txinak kasua Munduko Merkataritza Erakundera eramango du.

ARGIA @argia 2025eko otsailaren 03a
Mexikori ezarritako muga-zerga justifikatzeko Trumpek hau esan du: "Gure mugak zeharkatzen dituzten legez kanpoko immigranteen eta drogen uholdea gelditzeko promesa egin nuen nire kanpainan". Canadian Affairs.

Otsailaren 1etik aurrera indarrean daude AEBko Gobernuak ezarritako arantzel berriak. “Larrialdi ekonomikoa” deklaratu du hiru herrialdeei tarifa berriak ezartzeko. Kanadak eta Mexikok %25eko muga-zergak izango dituzte eta Txinak %10ekoa. Eldiario.es hedabideak jaso duenez, otsailaren 1ean arantzelen tarifa berriak onartu eta gero, arrazoi hauek eman ditu presidenteak zerga igoera egiteko:

“Nazioarteko Larrialdietarako Botere Ekonomikoen Legearen bidez egin zen hori, legez kanpoko etorkinen eta gure herritarrak hiltzen ari diren droga hilgarrien mehatxu larria dela eta, fentaniloa barne. Estatubatuarrak babestu behar ditugu, eta presidente naizen aldetik nire eginbeharra da denon segurtasuna bermatzea. Gure mugak zeharkatzen dituzten legez kanpoko immigranteen eta drogen uholdea gelditzeko promesa egin nuen nire kanpainan, eta estatubatuarrek horren alde bozkatu zuten nabarmen”.

Kanadako petrolioa salbuespena: %10

Kanadari %25eko tarifa ezarri dio Trumpek, baina badago salbuespen bat: petrolio inportazioek %10eko zerga izango dute. 2023an, bertan kontsumitutako petrolioaren laurden bat Kanadatik inportatu zuten, 100.000 milioi dolar ordainduta.

Kanadari ezarritako zergak fentaniloaren ondorioz sortutako “osasun publikoko krisiari eta nazio larrialdiari” erantzuteko direla adierazi dute. Errua Kanadari egotzi diote, agirian jaso dutenez: “Pandilletako kideek, kontrabandistek, pertsonen trafikatzaileek eta mota guztietako legez kanpoko drogek gure mugak zeharkatu dituzte eta gure komunitateetara iritsi dira. Kanadak funtsezko papera jokatu du erronka horietan, besteak beste arreta eta baliabide nahikorik ez jarrita, edo AEBko legearen ardura duten bazkideekin modu esanguratsuan ez koordinatuta legez kanpoko drogen fluxua modu eraginkorrean geldiarazteko”.

Txinaren zerga justifikatzeko ere, fentaniloa aipatu dute, eta esaldi gordina erabili dute: “Txinak gure herritarrak pozoitzeko negozioa zabaldu eta mantentzen du”.

Mexikori dagokionez, gobernuari egotzi diote kartelekin “aliantza onartezina” edukitzea. Trumpek adierazi du droga kartelak antolaketa terroristak direla.

Hiru herrialdeak ere neurriak hartzen hasi dira

Etxe Zuriak mehatxatu du AEBetan hartutako erabakiei hiru herrialdeek erantzuten badiete "neurriak aldatzeko" aukera izango dutela. Hala, sinatutako arauak mekanismo bat barnebiltzen du arantzelak igo ahal izateko.

Kanada, hala ere, zifra berarekin erantzun die AEBei: %25eko muga-zergak ezarriko ditu. Justin Trudeau presidentek azaldu du kanadarrei “kalteak eragingo” dizkiela, baina estatubatuarrek “ondorio errealak” nozituko dituztela. Zergaren gorakada antzemango dute, besteak beste, garagardo, ardo, fruta, zuku, perfume eta arropetan, baita etxetresna, kirol material, egur eta plastikoetan. Presidenteak adierazi du neurri ez-arantzelarioak hartzea aztertzen ari direla mineral kritikoentzat eta energia gaientzat, adibidez.

Mexikoko presidente Claudia Sheinbaumk Etxe Zuriaren akusazioa kritikatu du, ukatuz gobernuak organizazio kriminalekin harremanak dituenik. “Haien lurralderako edozein injerentzi asmo” ere arbuiatu dute. Izatekotan ere, organizazio kriminalekin harremanak AEBek dituztela erantzun die presidenteak sare sozialetan: “Halako aliantzarik bada AEBko armagintzan da, zeinak botere handiko armak saltzen dizkien talde kriminal horiei”. Sheinbaumk, neurri arantzelarioak eta ez-arantzelarioak aurreikusi ditu eta Trumpi “lan-mahai bat” osatzea proposatu dio.

Txinak neurriak iragarri ditu eta kasua Munduko Merkataritza Erakundera eramango duela nabarmendu du. Azpimarratu du fentaniloaren krisia AEBko “barne afera bat” dela eta Txinak beti babestu duela arazoa konpontzeko herrialdeak egin duen ahalegina. Gehitu dute aferari “objektibotasunez eta arrazionalki” heldu behar zaiola, zergak erabili beharrean beste herrialde batzuk “presionatzeko”.