argia.eus
INPRIMATU
Txinak koronabirusagatik 0 hildako izan ditu apirilaren 6an, urtarriletik lehen aldiz
  • Txinako Osasun Komisioak emandako datuen arabera, 32 koronabirus kasu berri zenbatu zituzten egun horretan, guztiak beste herrialde batetik iritsitakoak. Asintomatikoen beste 30 kasu zenbatu zituzten. Hildakorik batere ez, ordea.

2020ko apirilaren 07a

The Guardianek eman du albistea. Mugarri hori eman bada ere, Txina oraindik koronabirusaren agerpenen aurkako borrokan da eta kanpotik iritsitako koronabirus kasuek gora egin dute. Apirilaren 6an gobernuak iragarri du lurreko mugak indartuko dituela, dagoeneko gehiago baitira lurretik kutsatuta iritsitakoak aeroportuetan zenbatutakoak baino. Atzerritarrei bertan sartzeko debekua indefinituki luzatu duela ere iragarri du.

Hong Kongen azken asteetan kutsatuen kopuruak bikoiztu egin dira, batez ere, kanpotik bertara iritsi diren herritarren artean eta bertako biztanleentzako neurriak zorroztu dituzte.

Wuhanen zer berri

Wuhango biztanleei pixkanaka altxatu dizkiete iragan hilabetetik erabateko blokeoa pairatu arazi dieten mugak. Kutsadura maila gutxitu heinean, agintariek 7.000tik gora auzune izendatu zituen "epidemiatik libre", eta horri esker bi orduz jarraian etxetik kanpo egoteko aukera izan zuten. Apirilaren 8an mugikortasuna galerazi zuten neurriak altxatuko zirela iragarri zuten agintariek: kutsatu gabeko herritarrek hiritik ateratzeko baimena izango lukete horrela. Baina apirilaren 6an estatuaren Xinhua berri agentziak jakinarazi zuen 45 auzuneri ukatu zitzaiela baimen hori, kasu asintomatikoak agertu zirelako hauetan.

Txinak orain arte ez zituen asintomatikoak koronabirusaz kutsatutakoen multzoan sartzen, baina apirilaren 4az geroztik etxeak "epidemiatik libre" izendatzeko kontuan hartzen dute asintomatikorik ez egotea bertan.