Astelehenean estreina eta ostegunean bigarrenez, burtsaren jarduera lau egunetan bi aldiz etenez ekin dio urte berriari Txinak. Akzioen indize nagusiak %7 jaitsiz gero prebentzio gisa hala egitea erabakita dauka Pekingo Gobernuak. Mundu osoan zabaldu da krisiaren larriagotze baten beldurra.
Urtea burtsaren %7ko galera eta ondorengo itxierarekin hasita, Txinako agintariek asteartean egoera egonkortzeko 18.600 milioi euro injektatu zituzten merkatuetan. Baina ostegunean ikusi da adabaki ahulegia gertatu dela: goizeko jarduera hasi eta ordu erdira Gobernuak berriro itxi behar izan ditu burtsak, %7 baino gehiago ari zirelako galtzen.
Iazko abuztuan sekulako jipoia jaso ostean Txinako konpainia nagusien kotizazioek, aditu asko zeuden hurrengo ekaitza noiz helduko zain.
"Munduko fabrika handia" zerk gelditu du?
Arrazoi asko argudiatu dituzte horretarako: munduko fabrika handia deitu zaion herrialdean hazkundea gelditu izana, Txinak daukan zorpetze maila handia, etxebizitzen burbuila lehertu izana, eta beste.
Jarduera ekonomikoa arras geldotu baldin badu da munduko ekonomia osoa dagoelako krisian eta kontsumitzeko produktuen eskaria murriztu delako.
Txinak bizi dituen une larriak lotuta daude lehengaien prezioen jaitsieragatik garabidean diren herrialdeek bizi dituzten nekeekin. Eta bateko eta besteko korapilo geopolitikoek ez dute egoera errazten, dela Ekialde Hurbileko gatazka gero eta nahasiagoa edo Ipar Koreak iragarri berri duen proba atomikoa.
Txinako burtsen istripu berriak laster egin du oihartzun mundu osoko burtsetan eta ostegun goizean zabalduz doaz jaitsiera berrien albisteak.