argia.eus
INPRIMATU
Txinak aitortu du Wuhanen orain arte esandakoak baino 1.290 jende gehiago hil direla
  • Txinako agintariek Wuhan hiriko –Covid-19 izurria bertan abiaturik gogorren kolpatua izan den hiri txinatarreko– biktima kopurua eguneratu dute, kontaketa %50an handituz: 2.579 pertsona ez, 3.869 hil direla aitortu dute. Horrela hein batean bederen arrazoi eman diete agintariek Wuhanen esandakoak baino jende gehiago hil dela salatu izan dutenei.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 17a
Anbulantzia Wuhanen koronabirus izurriaren hasieran. (Argazkia: Time)

Txinako agintariek kopuru berrian gehitu dituzte ospitaletara iritsi ezinik hildakoak eta klinika pribatuetan eta informazioa garaiz jakinarazi ez zuten zentroetan hildakoak. Hori dela eta, mundu mailako estatistiketan azken egunetan oso heriotza bakanak pilatzen zituen Txinak bat batean bere biktima kopurua eraman du 3.342tik  4.632ra. Munduko biktima rankingean Txina 8. dago orain, aurretik dauzkala AEB, Italia, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Iran eta Belgika. Munduan apirilaren 17 goizaldea arte 146.872 jende hil ditu koronabirusak.

Asko ziren Txinan auzitan jartzen zituztenak Wuhanen hildakoen kopuru ofizialak. Izurriaren hasierako egunetan lekuko agintariek ezkutuan eraman nahi izan zuten gaia, gero zorrotz isilarazi zituzten estatistika ofizialak gezurtatzen zituzten kazetariak eta baita zenbait mediku ezagun ere. Hori iradokitzen zuten herritar askok beren esperientzia pertsonalak kontatzen ere.

Wuhan hiriko kopuruen eguneratzea iritsi da Txinaren ekonomia 2020ko lehen hiru hilabeteetan hazi ez baina %6,8 hertu dela jakin den egun berean. Mende hau hasi zenetik Txinak ez zuen horrelako estualdirik ezagutu.