argia.eus
INPRIMATU
Txina elikagai stockak sendotzen ari da, bigarren koronabirus olaturako prestatzeko
  • Txinako Gobernuak elikagaien ekoizpen eta saleroskean ari diren konpainiei eskatu die zereal eta bestelako laboreen gordekinak handitzeko, koronabirusaren hurrengo olatuak eta infekzio kopuruen ugaritzeak munduko hornidura sareak astindu ditzakeelako. Bereziki soja ale, soja olio eta arto gehiago ekoiztu eta metatzeko eskatu die, Reuters agentziari zenbait konpainiak aitortu diotenez.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 17a
Atzerritik iritsako sojarekin lanean Txinako portu batean. (Argazkia: Shipmen.cn)

Txinako Gobernuak aurreikusi du COVID-19aren bigarren beroaldi batek eten ditzakeela munduan zehar une honetan antolatuta dagoen elikagaien hornidura kateak, esaterako zenbait itsas portu itxiaraztea egokituko balitz.

"Ohartarazi digute –esan diote Reuters agentziari zenbait enpresarik– ohi baino handiagoko bolumenetaraino handitu behar ditugula stockak. Brasilen gauzek ez daukate itxura onik". Izan ere, Brasil da Txinaren hornitzaile nagusia bai soja-aleetan baita okelatan ere, eta dagoeneko Espainia eta Italiaren kutsatu kopurua gainditu du han koronabirusaren erasoak. Txinako agintarien kezka iturri nagusietakoa da ea zenbateraino eragingo dien horrek eta oro har Latinoameriketan COVID-19a hartzen ari den abiadurak soja hornidurari dagokionean.